Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua

Urtarrilaren 24ean, Tolosa&Cok euskara sustatzeko egindako lana azaldu dute prentsaurrean zuzendaritzako kide Jaione Ormazabal, Galtzaundiko teknikari Amaia Doyague eta Tolosako alkate Olatz Peonek.

Tolosa&Co Merkataritza-Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteak hala eskatuta, Galtzaundi Euskara Taldeak 2017ko udazkenean lanketa bat egin du elkarteko berrehundik gora saltokitan. Hainbat urrats ematea hitzartu zen elkartearekin bere bazkideen artean euskara sustatzeko: lehena, behaketa bat egitea; eta bigarrena, jarreretan eragiteko heziketa lantzea bazkideekin.

Lanketa honetarako, Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte saltokiak behaketak egiteko. Saltokietako arduradunekin batera, ahozkotasunean, kanpoko eta barneko irudi eta errotulazioan, euskararen ezagutzan, interneteko hizkuntza erabileran eta euskararekiko duten jarreran jarri da arreta, besteak beste. Heziketari begira, lau saio egin dira elkarteko bazkideekin, EMUNeko Ainhoa Lasaren eta Kike Amonarrizen eskutik. Saio hauetan Tolosako eta eskualdeko egoera soziolinguistikoa azaldu da, hainbat baliabide eman eta egoera konkretuen aurrean zer egin jakiteko gomendioak azaldu zaizkie bazkideei.

Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua 23

Azkenik, UEMArekin eta Tolosako Udaleko Euskara Zerbitzuekin elkarlanean, establezimenduak euskalduntzeko gida garatu dugu. Gida hauek eskuragarri jarriko zaizkie saltokiei. Bertan, itzulpenak egiteko zerbitzuak, euskarazko karteldegia lortzeko aukera eta saltokietan euskararen presentzia areagotzeko aukerak bildu dira. (Deskargatu gida hemen)

Horrenbestez, eta etorkizunean egin beharrekoak zehazte aldera, behaketa lanek emandako diagnostikoak hainbat datu esanguratsu utzi dizkigu:

  • Tolosa&Coren bazkide diren saltokietako langileen %80k euskaraz badaki eta %93k ulertzen du. Beraz, 10 saltokitatik 9tan euskaraz zerbitzua eman dezakeen norbait bada. Tolosa &Coren bazkideen euskara-gaitasuna Tolosako euskara-ezagutza datuekin alderatzen badugu, batez bestekotik gora dago: tolosarren %85ek ulertzen baitute euskara.
  • Saltzaileen lehen hitza euskaraz izan da kasuen %82tan eta establezimenduen %54k euskaraz funtzionatzen du nagusiki eta beste %6k elebitan.
  • Euskara-ezagutza hori eta izaera euskaldun hori ez da islatzen paisaia linguistikoan. Izan ere, errotulu nagusirik gabeko saltokiak eta errotulu nagusi neutrodunak alde batera utzita, establezimenduen %35ak dauka errotulu nagusia gazteleraz. Kanpoko bestelako idatzietan %38koa da euskarak bigarren mailako garrantzia edo presentziarik eza dutenen ehunekoa. Barneko idatzietan, ordea, %61era igotzen da euskarak presentzia mugatua edo nulua duten establezimenduen ehunekoa. Horren aurrean, euskararen erabilera handitzeko prestutasuna handia da: establezimenduen %78 prest dago paisaia linguistikoari dagokionez, euskararen alde proposatutako neurriak betetzeko.
  • Jarrera ere euskararen aldekoa da orokorrean: elkarrizketatuen %87k uste du Tolosako Udalak euskararen aldeko neurriak hartu behar dituela; %81ak Tolosa&Cok ere euskararen aldeko jarrera izan behar duela uste du.
  • Ikusi da Tolosa&Coren bazkideek euskara baloratzen dutela: %80k uste du zerbitzua euskaraz eskainita hobea dela eta %84k bezeroek euskara baloratzen dutela erosteko garaian.

Datu hauen aurrean, lan egiteko aukera oso ona dela ikusi dezakegu. Euskara ezagutza handia da saltzaileetan, Tolosako eta eskualdeko beharrei erantzuna emateko modukoa. Beraz, lanean jarraitzeko beharra dagoela ikusi dugu eta hori partekatu dugu Tolosa&Co-rekin.

Lehenik eta behin, garrantzitsua iruditzen zaigu paisaia linguistikoan arreta jartzea. Saltokiek duten euskararen ezagutza mailaren erakusle izan behar dute beren erakusleiho eta abarrek, eta gaur egun, euskararen presentzia areagotzeko premia handia ikusi dugu hor. Argi dugu kontsumitzaileak euskaraz egin dezan, bertan euskaraz egin daitekeela transmititu behar dutela saltokiek. Hori jarri dugu etorkizuneko helburutzat eta hori lantzeko asmotan gara Galtzaunditik. Eta horri lotuta, saltokietako arduradunekin lasaitasun osoz euskaraz komunikatzeko aukera dagoela kontzientziatu behar diegu erosle euskaldunei. Horretarako, saltzailearen eta eroslearen arteko komunikazio esparrua ere landu behar da etorkizunean. Aukera paregabea dugu.

Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua 25 Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua 27 Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua 29 Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezakete zerbitzua 31