Galtzaundi Euskara Taldea

Galtzaundi Euskara Taldea Tolosaldeko (Gipuzkoa) euskara-taldea da. 1990. urteko abenduan sortu zen eskualdean euskara normalizatzeko helburuarekin. Tolosaldeko Galtzaundi Euskara Taldeak, aipaturiko inauterietako pertsonaiaz aurkezterakoan bere burua, Galtzaundiren irudiak darion alaitasuna euskararen inguru baikor batean txertatu nahi du. Elkartearen sorreran ezarritako helburuek bizirik jarraitzen dute gaur egun ere:

  • Tolosaldeko euskaltzale guztiak batzea.
  • Norberak bere inguruan euskararen erabilpenaren alde egin ditzakeen lanak bateratzea eta bideratzea.
  • Tolosaldean euskararen normalizazioa lekuan-leku dauden euskaltzaleen bidez gizarteko alor guztietara hedatzea.
  • Tolosaldeko bizitza sozial eta kulturala euskalduntzea.
  • Euskarazko kultur jardueran eragin, lagundu eta sortaraztea.

Helburu horiei eragiteko asmoz, hainbat kultur eta normalizazio-ekimen antolatzen ditu Galtzaundi Euskara Taldeak urtean zehar. Besteak beste, aisialdian euskara bultzatzea helburu duten egitasmoak burutzen dira, kultur ekimenak bultzatzen ditu, normalizazio prozesurako beharrezkoak diren diagnosiak eta analisiak egiten dira eta gizarteko hainbat esparrutan eragiten da: lan mundua, etorkinak, hezkuntza, komunikabideak, etab.