`Nire frutak zuretzat´ kanpaina aurkeztu dute fruta-dendek, euskararen presentzia areagotzeko

Ibarrako, Tolosako eta Villabonako fruta dendek ´Nire frutak zuretzat´ kanpainaren aurkezpena egin dute Tolosan. Bertan izan dira, kanpainan parte hartu duten fruta dendetako ordezkariak eta baita, Galtzaundi Euskara Taldeko, UEMAko, Ibarrako Udaleko, Ibarrako Merkatarien Elkarteko, Tolosako Udaleko, Tolosa&Co-ko, Villabonako Udaleko eta Oria Merkatari Elkarteko ordezkariak ere. Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko kideak eta Garikoitz Goikoetxea UEMAko kideak hartu dute hitza aurkezpenean.

Kanpainaren helburu nagusia, kanpainan parte hartuko duten 27 fruta denden hizkuntza paisaian euskara presente egotea da. Horretarako eta bidea egiten laguntzeko, baliabideak eta bitartekoak eskaini zaizkie parte hartzaileei. Doyaguek aipatu duen bezala: “Elikagaien ondoan jartzeko helburuarekin produktuen etiketak eta kartel informatiboak banatu dizkiegu. Kartel orokorrak, berriz, dendak eman beharreko informazioak euskaraz eman ahal izateko eskaini dira. Lehen etiketak banatzearekin batera antzeman dira aldaketak. Merkatari bakoitzarekin banakako lana egin eta bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausuak aztertu eta proposatu dira. Orain, gure fruta eta barazki askoren izenak euskaraz ere irakurri ditzakegu”.

Hizkuntzaren ikuspegitik, hizkuntza paisaiari ere garrantzia eman nahi izan dio kanpainak. Saltoki bateko erakusleihoko hizkuntza paisaiak, bezeroak hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen du. Eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara paisaia linguistikoan ikusteak, balioan jartzen du euskara. Garrantzitsua da euskarak geroz eta espazio gehiago hartzea.

Herritarrei begirako kanpaina

Herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 3tik 28ra kanpainan parte hartuko duten 27 saltokietan barazki eta fruta sortak zozketatuko dira. Kanpainaren funtsa biltzen duen spota ikusteko aukera egongo da sare sozialetan zein Tolosako eta Villabonako zinema aretoetan.

Kanpainarekin, herriko saltokiek eta kasu honetan fruta dendek gure herriaren garapenean duten eragina nabarmendu nahi da, euskararen erabileran ematen ari diren pausuak txalotzeko. Doyaguek eta Goikoetxeak aipatu duten bezala, orain herritarroi dagokigu gure eguneroko praktiken bitartez euskara balioan jartzea.