EUSKARA HUTSEAN BIZI NAHIKO AL ZENUKE?

Ez dugu euskaraz hitz egiten nahiko genukeen guztietan. Batzuetan besteak euskararik ulertzen ez duelako izaten da; baina, gehienetan, gure ezinagatik izan ohi da, izan psikologikoak, izan emozionalak. Bada ezin horiek gutxiagotzeko doako ikastaroa jarri du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak.
Parekoa gazteleraz hasten denean euskaraz erantzun nahi izaten diogu, baina askotan ez gara ausartzen zalantza izaten dugulako: parekoak euskaraz jakingo ote du? Parekoari zer irudiko zaio nik euskaraz erantzutea? Bera euskaraz erantzutera behartua sentituko ote da? Nahiko ote du? Eta gure buruarekin hizketan amaitzen dugu, beste pertsonarekin beharrean.

Sarritan gertatzen zaigu errudun edo deseroso sentitzea gazteleraz hitz egiten dugulako. Eta haien artean gazteleraz hitz egiten dutenen taldera sartzean euskaraz egitea zilegi ote da? Herri erdaldunagoetako komertzioetan nola hitz egin? Pertsona arrazializatu bati euskaraz edo gazteleraz egin behar diogu? Euskaraz eginda ez al da lekuz kanpo sentituko? Gazteleraz egiten badiogu zer mezu ari gara ematen? Eta guk geuk ere izan ditzakegu gazteleraz finkatu diren harremanak eta ohituraz gazteleraz egiten diegunak; nola proposatu horiei euskarara pasatzea?

Euskaldunok horrelako egoerak bizi ohi ditugu, eta gehiago ere bai! Horri guztiari estres linguistikoa deitzen zaio, eta Galtzaundi Euskara Taldeak bederatzi saioko ikastaro bat antolatu du estres hori gutxiagotzeko. Urriaren 5etik abenduaren 14ra bitartean, bederatzi asteazkenetan landuko da, euskaldunen ahalduntzea. Saioak 18:00etan izango dira, Tolosan.

Ikastaroa guztiz doakoa izango da, eta, besteren artean, honako gaiak landuko dira: estres linguistikoa, asertibitatea, ahalduntzea, bi hizkuntzatako elkarrizketak mantentzen ikastea eta gaztelerazko ohiturak euskarara ekartzeko metodologia.

Ikastaroan izena emateko

Ikastaroan izena eman nahi dutenek honako galdetegia bete behar dute:

BETE GALDETEGIA ETA EMAN IZENA

Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, deitu 688 738 417 zenbakira.