Lanbide Heziketa Azoka, eskaintza euskaldunaren erakusleiho

Apirilaren 5 eta 6an, Tolosako Trianguloa plaza hartuko du laugarrenez Lanbide Heziketa Azokak. Galtzaundi Euskara Taldetik sortutako ekimena da azoka hori eta asteburuan zehar, Trianguloa hartuko dute bost ikastetxetako ikasle eta irakasleek, baita enpresa desberdinetako kideek ere. Ostiralean, ikastetxeekin bisita gidatuak egingo dituzte, 9:00etatik 14:00etara, eta larunbatean berriz, publiko orori zabaldua egongo da, goizeko 10.00ak eta 14.00ak bitartean, eskualdeko ikastetxeen eskaintza ezagutzeko betarekin. Azokak inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeak batuko ditu: Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Inmakulada ikastetxea, Peñascal taldea, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskolako ordezkariak.

Azokaren aurkezpenean izan dira ikastetxe guztietako ordezkariak, Galtzaundiko kide Jexux Murua eta Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakari Olatz Peon. Eskualdeko eragileek elkarlanean Tolosaldeko Euskararen Mahaia aurkeztu berri duten honetan, Murua Galtzaundi ordezkariak, Tolosaldean, euskarak elkargune bat izan behar duela nabarmendu du agerraldian. Euskalduntzeari dagokionez ere, azoka, erakusleiho bikaina izango dela gaineratu du: “Azken hamarkadetan, urrats izugarriak eman dira Tolosaldeko hezkuntzan, hizkuntza nagusia euskara izan dadin. Horien artean, Lanbide Heziketako zentroetan”. Datozen urteetarako erronka handiena, lan munduan dago eskolako ibilbidea euskaraz egin dutenek, lan ibilbidea ere euskaraz eraiki dezaten. Hezitzaileena ez ezik, enpresen eta gainerakoen inplikazioarekin hurrengo helburuak definitzen ari dira Galtzaundi Euskara Taldea eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eta Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldietan jarrita dute fokua.

Lanbide Heziketa Azoka, eskaintza euskaldunaren erakusleiho 7