Auzolanerako deia gailu teknologikoek euskaraz ulertu dezaten

Gailu teknologiko ezberdinak hizketaren bidez erabiltzea oso arrunta bihurtu da, baina oraindik, gailuei erdaraz hitz egitea ezinbestekoa izaten da. Egoera hori aldatzeko asmoz euskararen hizketaren ezagutzarako motor libre bat osatzeko helburua du Librezale elkarteak sustatutako Common Voice ekimenak. Milaka euskaldunen laguntza behar duen auzolan digitalerako deia egin dute elkartetik, euskaldunok modu boluntarioan, datozen hilabeteetan euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabatzeko helburuarekin.

Mozilla Fundazioak egoera horri aurre egiteko software librean oinarritutako ekimena da Common Voice izenekoa. Besteak beste, Firefox nabigatzaile librea garatzen duen fundazio indartsu horrek, hizketaren ezagutzarako motor libre bat garatuko du ikasketa automatikoa baliatuz (adimen artifizial mota bat).

Nola lagundu dezaket?

  1. https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.
  2. “Hitz egin” aukera sakatu.
  3. Irakurri ozen agertzen diren esaldiak, jarraibideei jarraituz.

Dagoeneko egin diren grabaketak balioztatzen ere lagun daiteke. Horretarako, sakatu “Entzun” eta jarraitu argibideei. Oso erraza da eta ordenagailu batetik zein sakelako telefonotik egin daiteke. Hori bai, leku isil batean grabatzea gomendatzen da, grabaketek kalitate ona izan dezaten.

Pertsona mota askotarikoak behar dira, genero, adin eta zonalde desberdinetakoak, lortuko den motorra ahots-mota desberdinak ulertzeko gai izan dadin. Edozein ordutan eta edozein lekutik har daiteke parte, hobeto datorkigun gailutik. Grabaketa asko eta asko bildu behar dira hizkuntza baten ezagutza egiten duen sistema bat garatzeko, baina ez dago beste biderik gure gailuei soilik erdaraz hitz egiten bukatu nahi ez badugu.

Zergatik lagundu?

Teknologia enpresa handiek hizketaren ezagutzarako motorrak sortu dituzte: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana, Amazon Alexa… Sistema hauek atzean dituzten enpresa handiek etekin ekonomikoei soilik begiratzen diete eta hizkuntza txikiak ez dira bideragarriak haientzat. Gainera, beste software batzuk ez bezala, hizketaren ezagutza sistemak garatzea bereziki zaila da eta euskara, munduko beste hizkuntza txiki asko bezala, ez da inoren plan ekonomikoetan sartzen. Beraz, laster telebista, sakelako telefono eta beste tramankulu batzuk hizketaren bidez erabiltzea gauzarik erosoena eta arruntena bihurtuko dela badirudi ere, euskaldunok gailuei erdaraz mintzatu beharko diegu.

Common Voice aldiz ahalik eta hizkuntza gehienetan egongo da erabilgarri, potentzialki edozein hizkuntzatan. 20 hizkuntza ahots grabaketak egiten ari dira dagoeneko eta beste 70 gehiago horretarako prestaketak egiten. Teknologiari gure ama hizkuntzan hitz egiteko aukera emango digu euskaldunoi eta gurea bezalako munduko beste hainbat hizkuntza komunitateri.

Azaroaren 9an, grabazio maratoia Tabakaleran

Etxetik egin daitekeen arren, ikusgarritasuna lortzeko, eta azkarrago aurreratzeko xedearekin, hainbat maratoi antolatuko dira Euskal Herria osoan zehar. Apirilaren 9an, asteartean, 18:00etatik 20:00etara, grabazio maratoia antolatu dute Iametza Interaktiboak eta Librezalek Hirikilabs-en, Donostiako Tabakaleran (3. solairua). Horretarako, dei egiten diote euskaldun orori bertan parte hartzera, bertan, euskarazko grabaketak nola egin azalduko dute, eta komunitatean egingo dira grabaketak.

Auzolanerako deia gailu teknologikoek euskaraz ulertu dezaten 7