Ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan gaztelera baino

  • Tolosako kaleetan euskararen erabilera %49,1ekoa da.

  • Azken 34 urte urtetan erabilerak 20 puntu egin ditu gora eta 2019ko datua 1985tik erregistratutako altuena da; lehen aldiz gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara emaitzetan.

  • Paradigma aldaketa egon da belaunaldien erabileran: helduenek euskara gehien erabiltzetik, orain, adinean gazteenak dira euskaraz gehien egiten dutenak.

Hizkuntzen Erabileraren 2019ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako Udalak. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. 2019koan, 3.246 elkarrizketaren eta 8.647 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.

Ondorio nagusiak

Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 34 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2019an, berriz, %49,1ekoa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta lehen aldiz, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren (%48,5) gainetik erregistratu da.

Tolosan, 1981etik 2016ra, euskaldunak biztanleen %51 izatetik % 71ra pasa dira. Justu tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoera hori da 1985etik 2019ra kale-erabileran neurketen arteko aldea.

Haurrak (%70) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%63) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%57), heldu-nagusiak (%44) eta adinekoak (%29). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 35 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 35 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, 35 urtez gainekoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean.

1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak erabileran azkenak izatetik bigarrenak izatera pasatu dira eta horrela, duela 34 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzetik, orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak.

Erregistratutako lehen urteetan igoera handia izan zuen haurren erabilerak, aldiz, azken urteetan igoera apaldu egin da. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du azken bosturtekoan eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela azken bosturtekoan 90eko hamarkadatik lehen aldiz.

Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%80). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%36). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %57ra igotzen duela erabilera.

Lorpen kolektiboa

Tolosako kale-neurketen emaitzen bilakaerak sekulako garrantzia du hizkuntzak kalean duen presentziaren analisia egiteko. Urtez urteko emaitzetatik haratago, eboluzioak egoeraren azterketa fidagarria egitea ahalbideratzen du. Hori horrela izanik, azken urteetako berrindartze honen atzean modu desberdinetara beren aletxoa jarri duten herritarren lana dago.

34 urteko eboluzio honetan garrantzi berezia izan du herriko ikastetxe guztietan D eredua ezartzeak. Aldaketa horren atzean, ikastetxeez gain, eredu horren alde apustu egin duten guraso euskaldun, erdaldun eta irakasleak daude. Eta horrekin batera, aisialdia eta gazteen inguruko eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera normalizatzen saiatu diren guztiak ere bai.

Zer esanik ez, garai batean gau eskoletan eta gerora euskaltegietan euskalduntzeko ahalegina egin duten ikasleek zein horretan jardun duten irakasleek. Tolosarrek euskalduntzean egindako esfortzuaren ondorio ere bada lorpen hau.

Lorpen honen atzean ere Tolosako Udala eta bereziki Udaleko euskara batzordea eta zerbitzua daude. Martxan jarri ziren momentutik euskararen alde hartutako neurriek eta garatutako egitasmoek ere bultzada nabarmena eman diote hizkuntzari, gainerako erakunde desberdinen inplikazioarekin batera.

90eko hamarkadatik sortu diren euskarazko komunikabideek ere gure inguruaz zein munduaz euskaraz informatzeko ateak ireki dizkigute euskaldunei, eta merkataritzan zein lan-munduan euskararen aldeko urratsak eman dituztenek ere euskara gure bizitzako eremu gehiagotan bermatzea ahalbidetu dute.

Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea; euskararen aldeko urrats sendoak eman dituzten herriko talde,  elkarte, mugimendu sozial, sortzaile zein norbanako eta euskaltzaleen lanaren fruitua da. Eta azken emaitzek argi erakusten dute lorpen horretan parte hartu duten eragile eta norbanako guztien aletxoa zein garrantzitsua izan den.

100 urtean lehen aldiz 

2019ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emaitza esanguratsua utzi du: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Jakina da neurketa 1985. urtetik aurrera egiten dela Tolosan, baina mende batean zehar lehen aldiz horrela izan dela baieztatzeko moduko ebidentziak baditugu 1919. urtetik hona.

Espainiako gerra ondorengo lekukoek aitortu izan dute euskara oso gutxi entzuten zela Tolosako kaleetan garai hartan. Ordutik 1985 bitarte, euskararen presentzia oso eskasa izan zen herriko kaleetan. Tolosarren lekukotza ugari daude bilduta hainbat liburutan eta ahozko ondarea biltzen duen Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan.

Gerra aurreko egoeraren lekukotza batzuk ere badaude. Esanguratsuenetakoa, Gorriti plazan sortu zen Ikastola sortzeko 1921eko informazio orrian topatu daiteke. “Euskera maite al dezu?” izenburua zuen orriak eta bertan aipatzen da, hamabost urtetik beherakoen artean jada ez zela euskararik entzuten: “Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak begitara irten-naian nabaitu, Tolosa’ko kalean, urte gutxi barru, euskarak beruntz daraman joaira ikusita?… Tolosa’ko kalean, euskera aurren ezpañetatik igesi dijoa”. Ondorioztatu genezake, beraz, gaztelania jada nagusi zela tolosarren artean; gerra osteko hizkuntza praktikek hori berresten dute.