Zabalik da Aitzol euskaltegiko bigarren matrikulaldia

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko bigarren matrikulaldia zabalik dago urtarrilaren 21ean hasi eta 31ra bitartean. Eskaintza zabala du euskaltegiak: Eguneroko taldeak, astean maiztasun ezberdinetakoak, EGA zein beste agiriak ateratzen laguntzeko taldeak, mintzamenean laguntzekoak… Ohiko eran, maila, erritmo eta ordutegi guztiak dituzte eskura. Euskaraz ikasteko diru laguntza ugari ere eskaintzen dira, bai Aitzol Udal Euskaltegian ikasteko eta baita beste zentro homologatu batean egiteko ere. Eta ez Tolosan bakarrik, Aitzol Udal Euskaltegiak eskualde osoari ematen baitio zerbitzua.

Matrikula ordutegia honakoa da: 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Informazio gehiago nahi duenak 943 651 006 zenbakira deitu, Aitzol Udal Euskaltegira jo (Rondilla kalea 34-B, 3), edota aitzolue@tolosa.eus-era idatzi dezake.

Hau da euskaltegiaren eskaintza:

  • Eskaintza eta ordutegi aukera zabala, maila eta erritmo ezberdinekin.
  • Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak…
  • Mailak egiaztatzeko azterketa ofizialak: oinarrizko erabiltzailearena, A1 (Hasierakoa) eta A2 (Oinarrizkoa) biltzen dituena; aurreratuarena, B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) bere baitan hartzen dituena; eta adituarena, C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailez osaturik dagoena.
  • Diru-laguntzak: %25, %50 eta %75 aurrez aurrekoei, kasuak kasu, eta % 75 autoikaskuntzakoei, betiere baldintzak betez gero.