Tolosaldeko Euskararen Mahaia une erabakigarrian

Martxoan 28an elkartu ziren Alegiako udaletxean euskararen indarberritzeko ahaleginean ari diren hainbat erakunde (eskualdeko udalak, GFA, UEMA) eta eragile (Ikastetxeak, Euskaltegiak, Euskara eta Kultura Elkarteak, Tokiko Hedabideak) Tolosaldeko Euskararen Mahaiarekiko konpromiso adierazpena gizarteratzeko. Bertan, euskalgintza instituzionalaren eta sozialaren bilgunea eratu eta indartzeko asmoa hartu zen, bat egin zen bilgune horren misio eta helburu estrategikoekin, eta sinatu zutenek  Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren egikaritze prozesuan partaide izateko eta lankidetza eredua partekatuan sakontzeko konpromisoa adierazi zuten.

Bi lan ildo garatu dira orduz gero: batetik, Tolosaldeko Euskararen Mahaia definitzeko eginkizuna eman zaio Siadeco ikerketa talde ezagunari, zeinek bilgune horren funtzio, lan ildo, izaera, egitura eta bideragarritasun plana lantzeko ardura izan duen; eta bestetik, 2020-2022 urte arteko plangintza garatu dute Tolosaldeko UEMA eta udaletako Euskara Teknikarien batzordeak. Metodologiari dagokionez, biak hala biak saiatu dira ahalik eta era parte-hartzaileenean taxutzen.

Mahai gainean dago lehen zirriborroa eta burutzen ari da eztabaida. Azalean daude adostasun nagusiak (misioa, helburuak, eskualde ikuspegia, ekintza ildo zehatzak, euskalgintza instituzional eta sozialaren benetako lankidetzan oinarritutako gobernantza…) eta zalantza eta zailtasunak (izaera, egitura, baliabideen berrantolaketa moduak, finantzaketa …).

Proiektu oso konplexua da, ausardi handiz jokatzea eskatzen duena eta, ondo bidean, eskatuko duena. 2019ko urtearen hondarrean, sartuak gaude une erabakigarrietako batean, etorriko baitira gehiago ere, eta erabakirik onena hartzeko ahalegina ziurtatua dago.

2018an bidea hasi zenetik, Tolosaldeko Euskararen Mahaia eraketa prozesu hau gidatzen duen bilgunean hauek ari dira parte hartzen (beltzean egungo talde iraunkorra osatzen dutenak):

Jon Zubizarreta (Abaltzisketako Udala); Arantxa Irazusta eta Mikel Artola (Alegiako Udala); Larraitz Alkorta eta Haritz Mujika (Asteasuko Udala);  Aritz Mujika, Mikel Beloki eta Amaia Azkue (Berastegiko Udala);  Olatz Peon eta Xabier Balerdi (Tolosako Udala); Garbiñe Zubizarreta eta Joxean Amundarain (GFA-ko Hizkuntza Berdintasun Zuzendaritza); Estibalitz Alkorta eta Josune Zabala (EJ-HPSko Sustapen eta Ikerketa zuzendaritzak); Imanol Haro, Maier Ugartemendia eta Miren Segurola (UEMA); Idoia Olano (Euskara Teknikarien Batzordea); Arantzazu Goenaga (Eskola Publikoa), Iñaki Olaetxea (Ikastolak) eta Nerea Bastarrica (Kristau Eskolak); Axun Lopetegi (Aitzol euskaltegia) eta Jone Tolosa (AEK euskaltegia); Joxin Azkue (Manuel Larramendi Bazkuna); Xabier Bengoetxea eta Kike Amonarriz (Galtzaundi Euskara Taldea); Garbiñe Mendizabal (Tolosaldea Garatzen-Udalak); Lorea Agirre (genero ikuspegia); Ana Telleria (aniztasuna-migrazioa ikuspegia).