Tertulia Literarioa izango da urtarriletik aurrera Tolosan

Urte hasierarekin batera, proposamen ezberdin batekin dator Galtzaundi Euskara Taldea. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzea helburu duten, Tertulia Literarioak izango dira urtarrilaren 31etik aurrera, hilabetean behin Tolosako Kultur Etxean.

Bertara gerturatzen direnek, bi hilabetez behin, landuko den irakurgaiaren egilearekin batera eleberriaren inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute, modu fresko eta ezberdin batean. Gerturatzen direnek, irakurgaiaren inguruan hitz egin, eta bitxikeri ezberdinen inguruan gehiago jakiteko aukera ere izango dute.

Yurre Ugarte idazle tolosarra izango da taldearen dinamizatzailea eta urtarrilean Iñigo Martinez Peña, idazle Gasteiztarraren Mandamentu hipermodernoak eleberria izango da taldean landuko den irakurgaia.

Liburuaren sipnosia:

“Zerk egiten du gure gizartea den bezalakoa? Zertan eta zergatik gara aurreko belaunaldietatik desberdinak? Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Iсigo Martinezek, eta, horretarako, inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasun konpromisorik, zoriontsu, bilatu berriena? Horrela, 19 mandamentuko zerrenda osatu arte. Garai likidoa, kontsumoaren gizartea, globalizazioa, informazioaren, sarearen edo errendimenduaren jendartea? Hainbat izen eman zaizkio bizi dugun sasoiari, eta hipermodernitatea kontzeptua darabil egileak izendapen horiek biltzeko eta guztien azpian datzan muina ulertzeko: garaiak gehiago ematea eta gehiago egitea eskatzen digula uneoro. Pentsarazten duen gogoeta-sorta, geure munduari eta geure buruari begi berriekin begiratzen laguntzen duena, eta agian bizimodu hobe baterako gonbidapena: horra liburu mamitsu bezain atsegingarri honek eskaintzen diguna”.

Gerturatu nahi duenak, urtarrilaren 31an 19:00etan izango du zita Tolosako Kultur Etxean, Yurre Ugarte eta Iñigo Martinez Peñaren eleberriarekin batera.