Literatura emanaldi musikatuaz eta “Munduari bira eman zion ontzia” erakusketaz gozatzeko aukera egongo da Tolosan

Literatura emanaldi musikatua, eta “Munduari bira eman zion ontzia” erakusketa antolatu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak eta Lizardi Kultura elkarteak elkarlanean.
LITERATURA EMANALDI MUSIKATUA
Urtarrilak 27 | 19:00 | Tolosako TOPIC aretoa
Bertan, euskal literatura eta musika uztartzeko parada izango dute Euskal Herrian ezagunak diren hainbat artistak. Joxe Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandia izango dira arlo literarioaz arduratuko direnak (poesia errezitaldia eta solasaldia egingo dute) eta Iñar Sastre eta Anne Etchegoyen izango dira arlo musikalaz arduratuko direnak. Yurre Ugarte kazetari eta idazlea izango da saioa gidatzearen arduraduna.
Emanaldian, euskal literatura izango da izpide, eta Xabier Lizardi, Zarautzen jaio baina Tolosan bizi izan zen poetaren hitzak gogora ekarriko dira beste hainbat gauzen artean.
“MUNDUARI BIRA EMAN ZION ONTZIA” Erakusketa 
Urtarrilak 19 – otsailak 11 | 17:30 – 20:30 | Aranburu jauregia
Erakusketak, Arístides Esteban Hernández “Ares” artista kubatarraren “Munduari bira eman zion ontzia” ipuin ilustraturako sortutako, Joseba Sarrionandia euskal idazlearekin batera egina eta Elkano Fundazioak bultzatuta, irudiak erakusten ditu.
XVI. mendean munduari emandako lehenengo bira –Magallaesen eta Elkanoren itsasaldi entzutetsua–esplikatzen hasirik, Juan Sebastian Elkanoren bidaiaren kontakizun historikoa zalantzan jartzen du liburuak, eta mundu globalizatuko botere-harremanei buruzko hausnarketa proposatzen du, Historiako irakasle batek bere bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz duen elkarrizketaren bidez. Gai guztietarako giltzak lantzen dira: botere harremanak, truke ekonomiko desorekatua, kultur bestelakotasuna, arrazismoa, kosmosaren misterioa, memoria historikoa, lurraren propietatea, matxismoa, globalizazioa…
Erakusketa urtarrilaren 19tik otsailaren 11era arte egongo da ikusgai, doan, Tolosako Aranburu jauregian. Asteartetik larunbatera, 17:30etatik 20:30etara.

Literatura emanaldi musikatuaz eta "Munduari bira eman zion ontzia" erakusketaz gozatzeko aukera egongo da Tolosan 7