MINTZALAGUNA TOLOSALDEAN: INOIZ BAINO ESKURAGO

Urte batzuk badira eskualdeko eragile desberdinek Mintzalaguna egitasmoa martxan dutela. Ikasturte berriari begira ere, eskualdeko herri desberdinetan Mintzalaguna martxan jartzear da. Egitasmoa hainbat eragilek bultzatzen dute Tolosaldean: Anoetan Udalak eta AEKk; Villabonan eta Zizurkilen bertako udalek; eta Tolosaldeko gainerako herrietan Galtzaundi Euskara Taldeak.

2017-2018 ikasturteari begira, Villabona eta Zizurkilgo udalen eskaintza mantentzen da. Anoetan, ordea, estreinako urtea du Mintzalagunak. Galtzaundi Euskara Taldeak zazpigarren urtez antolatzen du Mintzalaguna eta aurtengoari begira, eskaintza Tolosatik zabaltzea erabaki du, Mintzalaguna egitasmoa martxan ez duten Tolosaldeko gainontzeko herrietara.

Mintzalagunean parte hartzen dutenek astean ordubetez euskara praktikatzeko aukera izaten dute modu informalago batean. Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Egitasmoan izena ematen dutenekin talde txikiak osatzen dira eta euskara praktikatzeko beharra ikusten duten Mintzalagunek, euskaraz ongi moldatzen diren hiztunen konpainia izaten dute beren artean. Azken batean, Mintzalagunak euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza.

MINTZALAGUNA TOLOSALDEAN: INOIZ BAINO ESKURAGO 7

Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 6000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute. Gaur egun 1075 talde daude martxan eta astero 120 herritan elkartzen dira elkarrekin euskaraz egiteko. Tolosaldean, zehazki, pasa den ikasturtean ia 100 lagunek hartu zuten parteMintzalagunean. Adin desberdinetako jendearentzat aukera aproposa da. Esaterako, 2016-2017 ikasturtean, ekimeneko parte-hartzaile gazteenak 27 urte zituen eta nagusienak, berriz, 75.

Doako aukera da Mintzalaguna Tolosaldean. Taldeak astelehenetik ostiralera elkartzen dira, goizez edo arratsaldez eta horrenbestez, norberaren ordutegira moldatzeko aukera eskaintzen da.

TOLOSALDEKO MINTZALAGUNA EGITASMOAK:

  • ANOETA:

Mintzalaguna eta Gurasolaguna egitasmoak jarri dituzte martxan aurten Praktikatu eta bizi lelopean. Izena eman nahi dutenek Andoaingo AEK euskaltegian edo Anoetako Udaleko euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (943 591 704) edo e-mailez (andoain@aek.eus / euskara@anoeta.eus) ere.

  • VILLABONA:

Villabonan Mintzalagunean izena emateko interesa duenak, Udaleko Euskara zerbitzura deitu (943 693 501) edo helbide elektroniko honetara bidali beharko du bere mezua: euskara@villabona.eus.

  • ZIZURKIL:

Zizurkilgo Udalaren Ernio Bidea 9A behea helbideko udal-bulegoetan eman dezakete izena, baita ere 943 691 012 telefono-zenbakian (4. luzapena) eta bulegoa@zizurkil.eus helbide elektronikoan ere.

  • TOLOSA ETA TOLOSALDEA

Tolosan eta Tolosaldeko gainontzeko herrietan Galtzaundi Euskara Taldeak koordinatuko du Mintzalaguna egitasmoa. Izena ematea Galtzaundiren bulegoan egin daiteke (Nafarroa etorbidea 6, Tolosa) edo telefonoz (943 655 004) nahiz e-postaz (galtzaundi@galtzaundi.eus).