Ahozko Sormen Tailerreko matrikulazioa abian da

Galtzaundi Euskara Taldeak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak elkarlanean martxan jarri duten proiektua da Tolosaldeko Ahozko Sormen Tailerra. Honen bidez, Tolosaldean ahozko euskal kulturaren tradizioaren transmisio osoagoa gauzatuz, kultur sorkuntzan pauso berriak emateko aukera luzatu nahi zaie Tolosaldeko gazteei.

12 eta 18 urte arteko (DBH eta Batxilergoa) gazteei zuzendutako tailerra da AST. Astean ordubeteko saioa egingo du tailerrak Tolosan. Urrian hasiko du ikasturtea ASTk eta maiatzera arte iraungo du. Sormen eskolako edukiak bost generotan banatuko dira:

  1. Antzerkigintza
  2. Bertsolaritza
  3. Kantagintza
  4. Dantza
  5. Ipuin kontalaritza

Bost espezialitateak landuko dituzte ikasle guztiek ikasturtean zehar. Klaseak astelehen edo astearte arratsaldeetan izango dira, hilabeteen arabera:

  • Urria, otsaila, martxoa, apirila eta maiatzean: astelehenetan. 17:00etatik 18:15era.
  • Azaroa, abendua eta urtarrilean: asteartetan. 17:00etatik 18:15era.

Ahozko Sormen Tailerrean irakasle hauek izango dituzte ikasleek:

ASTren prezioa 30 eurokoa da hilabetean (kurtsoa 240 euro) eta matrikula egiteko epea irekita dago irailaren 28a bitarte.

Tailerraren asmoa, ikasle guztiek diziplina desberdinak probatzea da eta etorkizunean, horietakoren batean espezializatzeko aukera uztea. Jakina da, bost kultur espezialitate horiek bereziki lantzen dituzten taldeak badirela eskualdean. Horregatik, Ahozko Sormen Tailerraren bitartez, bost adarretara gerturatuz, horietako bakoitza lantzeko aukera eman nahi zaie ikasleei, ondoren, nahi izanez gero, horietakoren batera jauzia egiteko. Izan ere, honelako tailer batek euskarazko kultur sorkuntzan eta zaletasunean berebiziko garrantzia izan dezake, etorkizuneko kultur agente aktiboak izango direlako oraingo ikasleak (zaleak, antolatzaileak, antzezleak, ipuin kontalariak, bertsolariak, kantautoreak…).

Tailerrean landuko diren edukien bidez, haur eta nerabeen hizkuntza gaitasuna areagotzea da beste helburuetako bat. Horrela, ahozko espresiorako trebezia eta baliabideak landuko dira eta hizkuntzaren alde ludikoa ezagutzeko aukera izango dute ASTko ikasleek. Norberaren gaitasun pertsonalak ere jorratuko dira bertan, besteak beste, komunikazio gaitasuna, jendaurrean hitz egitekoa, memoriaren lanketa, besteen rolak asumitu eta elkar ulertzeko joera, jarrera probatzaile eta sortzailea izatea eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude