Mari Luz Esteban etorriko da Tertulia Literarioara abenduan

Tertulia Literarioaren hurrengo saioa izango da abenduaren 20ean Tolosan. Oraingo honetan, Mari Luz Estebanek idatzitako ‘Haragizko erreformak’ eleberria izango da irakurgaia eta Esteban bera ere izango da saioan.

Tertulia literarioa, 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Mari Luz Estebanek poemabilduma guztietan harremansareetan arakatu du, gutasunak zein nitasunak gorpuztean elkarrekiko harremanek, afektuek eta pentsamenduek zernolako eragina duten poetikoki adieraziz. Lehen poemabilduman, “Amaren heriotzak libreago egin ninduen” (Pamiela, 2013), amaren genealogiak arakatzearekin batera, senidetasun zein afektusareek sorturiko tentsio, desira, zauri zein grinak arakatu zituen; bigarren poemabilduman, “Andrezaharren manifestua” (Pamiela, 2019), zahartzea bizitzeko, gorpuzteko eta birpentsatzeko moduez jardun zuen, begirada feminista ardatz izanda.