Kai Nakai izango da protagonista Sormenetik-en

Urtero udaberrian eta udazkenean Sormenetik izeneko saio bana antolatzen ditu Galtzaundi Euskara Taldeak. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak. 2021eko lehen saioa ekainaren 5ean egingo da eta Kai Nakai abeslari eta musikagilea izango da hitzorduko protagonista. Horretarako Oizeder Mayo kazetari zizurkildarra egongo da oholtza gainean Kai Nakairekin batera, eta bere sormen prozesuaren, musika egiteko estiloaren hautuaren eta beste zenbait gairen inguruko galderak bideratuko ditu. Elkarrizketan gain, abeslari gasteiztarraren musikaz ere gozatu ahal izango da Sormenetiken. Hitzordua 12:00etan hasiko daTolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Ekitaldia irekia izango da, osasun neurriek baldintzatutako edukiera mugarekin eta bete beharreko higiene eta distantzia neurriak betez.

Iratxe Aguilera abeslari gazteiztarra Kai Nakai izen artistikoarekin da ezaguna musikaren munduan. Reggaeton musika estiloa abesten du euskaraz eta bere abestien letrek feminismoa dute oinarri. 2019an Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen musika urbanoa egiteari buruzko proposamenarekin eta bere lehen diskoa 2020an argitaratu zuen ‘Baimenik gabe’ izenarekin. Durangoko Azokan aurkeztu zuen diskoa eta lehen zuzenekoa ere bertan egin zuen DJ batekin eta Maria Roca eta AnePe Acedo dantzariekin batera.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.