Tolosaldepediak Ikaztegietara egingo du salto

Tolosaldeari buruzko ezagutzak Wikipedian jartzeko sorturiko egitasmoa da Tolosaldepedia. Orain Ikaztegietara egingo du salto egitasmoak eta bertan izango da Wikipedia editatzen ikasteko aukera paregabea. Ekainaren 8an, 18:30etan izango da hitzordu irekia Ikaztegietako udaletxeko balioanitzeko gelan. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da norberak bere ordenagailua eramatea.

Zer da Tolosaldepedia?

Gure eskualdeari buruzko informazioa Wikipedian txertatzeko egitasmo parte hartzailea da. Bertan, alor ezberdinetako ekintzak jorratzeaz gain, herritar eta kanpotar guztiei elkarren arteko elkar-harremanak sustatzeko lanabesak jarri dizkiete eskura. Hau horrela, ikastaroen laguntzaz, eskualdeko emakume zein gizon esanguratsuenek, argazki herrikoiek, intereseko artikuluek eta historiak berak ere wikipedian parada izatea da helburu nagusietako bat. Otsailaren 4an hasi zen egitasmoa eta ordutik hona, hilabeteko lehen ostegunetan bildu dira Tolosako kultur etxean. Hasi zirenetik Wikipedia eskualdeko gai, pertsona eta intereseko informazio desberdin askoz elikatzen joan da eta web orria elikatzen jarraitzeko asmoarekin daude bilgune hauetara gerturatzen diren herritarrak.