Julen Belamunoren ‘Iragan amaigabea’ landuko da urriko Tertulia Literarioan

Julen Belamunoren ‘Iragan amaigabea’ ipuin liburua izango da urriko Tertulia Literarioko irakurgaia. Urriaren 28an izango da saioa, 19:00etan, Galtzaundiren egoitzan eta idazlea bertan izango da. 

Herriko kintoen artean bizirik segitzen duten azken bi lagunen artean sortzen den lehia sorra; semearen zaintza kendu zioten emakume toxikomanoak biloba topatu zuenekoa; bainuetxeko ustezko baretasunean pizturiko gorroto gorria; kondesa baten jauregiko jardinean bizi den anakoretak inguruan biltzen duen jendetza… Istorio errealista bezain misteriozkoak bildu ditu Belamunok ipuin liburu honetan, bitxiak baina sinesgarriak, hurbilak eta aldi berean harrigarriak, estilista bikainenek bakarrik dezaketen idazkera batez onduak: dotore eta patxadatsu, noiz zirtolari noiz hausnartzaile, zehatz bezain iradokitzaile beti.