Joseba Sarrionandia etorriko da irakurle taldearen ikasturte amaierako saiora

Joseba Sarrionandia  idazle bizkaitarra izango da irakurle taldeak izango duen ikasturte amaierako saioko gonbidatua. Bizitzea ez al da oso arriskutsua?, 2018an argitaratutako lana aurkeztuko du Sarrionandiak, ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatutako hitzorduan. Gerturatzen den orok Sarrionandiaren liburuaren inguruan sakontzeko eta galdera zein iritziak idazlearekin partekatzeko aukera paregabea izango du.  Saioa Tolosako Kultur etxean izango da, ekainaren 16an, 19:00etan.

«Bizitzea ez al da oso arriskutsua?». Esaldi horrekin hasi eta bukatzen du Joseba Sarrionandiak bere eguneroko hau. Testu laburrez eraikia, kartzelan idatzitako Ni ez naiz hemengoa gogoangarri haren moduan, egilea Kubatik ari zaigu orain, zintzo eta zuzen.

«Habanako gauak lasaiak izaten dira, auzokoren batek errime uzten du musika, katuek marruma egiten dute teilatuetan, tximista lehor batzuk ikusten dira hodeiertzean. Gaukaria berez bezala hasi zen osatzen halabeharrezko edo ustekabeko gaiekin: eguneroko bizimoduko momentuak, telebistako albisteak, lagun arteko enkontruak, liburu edo pelikularen batek probokatutako epifania txikiak…»