Jon Maia izango da protagonista Sormenetik-en

2022ko lehenengo saioa egingo du ekainaren 11an Sormenetikek. Oraingoan, Jon Maia bertsolaria izango da protagonista eta bere azken urteetako ibilbidearen inguruan hitz egingo du, Itzea Urkizu kazetariaren galderei erantzunez. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. 

Jon Maia, bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, itzultzailea eta dokumentalgilea da. Bertsolari moduan, 4 aldiz iritsi da Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalera, azkena 2009an. Badira hogeita hamar urte Jon Maia bertsolariak bere lehen kantuak idatzi zituela, Negu Gorriak-en Gure jarrera diskora bideratuak. Harrezkero, Negu Gorriakez gain, beste talde eta kantari askorentzat ere jarraitu du testuak idazten: Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi eta abar luze batentzako, eta horietako asko jendearen oroimenean geratu dira: itsasoari begira, Gora Herria, Lehenetsi bala, Nirekin, Nirekin.

Bere ibilbide oparoa ospatzeko, Maiak bere abesti ezagunen bertsioak biltzen dituen liburu-disko bat argitaratu du Kantu bat gara izenekoa eta hainbat kontzertu eskaintzen ari da maila handiko hiru musikarirekin batera: Pello Ramirez, Gorka Hermosa, Nacho Soto, eta Nerea Quincoces.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.