Garbiñe Ubeda izango da Sormenetiken

2019ko lehenengo saioa egingo du larunbatean Sormenetikek Oria ibaiaren bazterrean. Oraingoan, Garbiñe Ubeda kazetari eta idazle tolosarra izango da protagonista eta bere ibilbidearen errepasoa egingo du Yurre Ugarteren galderei erantzunez. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Honetaz gain, Ione Gorostarzuren poesia errezitaldia ere izango da, Hodei Yuñez biolinjolearen musikarekin batera.

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaile baten ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.

Garbine Ubeda Goikoetxea, 1967an Ibarran sortua.  Kazetari eta diseinatzaile lanetan aritu da, baina funtsean hitza eta irudia uztartzea izan dira bere zereginak.

Txikitan hartu zion afizioa marrazteari, idazteari bezala, eta ofizio bihurtu ez baditu ere, sarritan eman die bide zaletasun horiei, liburuak idatziz, jolas grafiko interaktiboak sortuz eta ilustratuz (Aiurri Txiki aldizkaria, www.ikusbera.eus…), hitzaldietan graphic recording eginez. Euskal Idazle Elkartearen lehendakaria da 2018tik.