Lucio Urtubiaren biografia ilustratua landuko du irakurle taldeak

Harkaitz Canoren bisitaren ondoren, ikasturteko azkeneko saioa egingo du Galtzaundiren irakurle taldeak ekainaren 12an. 19:00etatik aurrera, Lucio Urtubiaren biografia ilustratua landuko da Gerezi garaia eleberri grafikoaren bitartez. Mikel Santos Belatz marrazkilariak sortu du Lucio Urtubia anarkista ekintzailearen komiki biografia Txakapartaren enkarguz. Amaia Apalauzak ekarri zuen euskarara. 2018ko Durangoko Azokarako 3. edizioa argitaratu zuten euskaraz zein gazteleraz.

Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko. Hala, bada, cascantearraren biografo ofizial bihurturik, ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatuko dizkigu irudigile iruindarrak. Euskaraz estreinakoz, Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskintxo egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak… Guztia edo ia guztia kontatuko digu Luciok akzioz eta ekintzaz betetako orri hauetan. Izan ere, anarkista menderaezin honek dioen bezala: «Ezer egiten ez duen iraultzaile bat apaiz bat besterik ez da».

Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.