Josu Martinez zinemagile bilbotarrak zuzendutako lehen fikziozko lana da Bizkarsoro eta Baxe Nafarroako fikziozko herri batean 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio erreal kontatzen ditu. Bizkarsoro ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. “Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, XX. mendeko kontakizun soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa da”, azaldu du lantaldeak.
Filma Donostiako 71. Zinemaldiaren Zinemiran aurkeztu zuten eta handik Donibane Lohizuneko Nazioarteko Zinemaldira eta Hazparneko Zinegin jaialdira egin zuen jauzia. Orain Euskal Herriko zinema areto guztietan proiektatzeko garaia heldu zaio pelikulari eta lantaldeak ostiralean, urtarrilak 12, estreinatuko du zazpi lurraldeetan. Gipuzkoako estreinaldia Tolosako Leidor aretoan izango da, ostiralean, 19:30etan. Filma proiektatu ondoren, Josu Martinez zuzendariarekin solasaldia ere egongo da. Ostiralean gerturatu ezin dutenek, larunbatean pelikula ikusteko aukera izango dute Leidorren, 20:00etatik aurrera.