Batxilergoko ikasleek estres linguistikoari buruzko hitzaldia emango dute

Galtzaundiren laguntzarekin gazteek bizi duten estres linguistikoa aztertu dute Laskoraingo eta Orixeko ikasleek.

Ohikoa izaten da jada gazte ez diren adituak gazteei buruzko hitzaldiak ematen ikustea eta entzutea. Askotan aztertu da gazteen hizkuntza-jarduna, eta jardun hori azaltzeko dozenaka ikerketa egin izan dira; ia denak helduek eta helduen begiradatik egindakoak. Gazteen Hitzartzean gazteak beraiek izango dira gazteei buruz hitz egingo dutenak, gazteen begiradatik; baina helduei zuzendutako hitzaldia izango da.

2019ra bitarte urtero antolatu ohi zuen Galtzaundi Euskara Taldeak gazteen hitzartzea, eta bost urteko etenaren ostean, aurten berriro antolatu du. Gazte euskaltzaleek Galtzaundirekin harremana izatea da ekimenen honen helburuetako bat; bestea, berriz, gazteak hizketan jarriz galtzaundikideek eta, oro har, euskaltzaleek gazteen hizkuntza-jardunari buruz dituzten ideiak kolokan jartzea eta zer pentsatua ematea. Behin ikasturtea martxa jarri ostean Batxilergoko ikasleen talde bat osatzen da, eta hilabetez hilabete gaia lantzen joaten dira, ikasturte amaieran hitzaldi bat emateko helburuarekin.

Ikasturte honetan estres linguistikoa edo hizkuntza-estresa landu dute gazteek. Galtzaundik garrantzia berezia eman dio gaiari azken urteetan, eta gazteei gai hori landu ote zezaketen galdetuta, prest agertu ziren lehen unetik. Beraien ikaskideekin eztabaida taldeak egin dituzte, eta ikaskideen estres linguistikoaren ezaugarriak atera dituzte. Atera dituzten ondorioen berri emango dute ekainaren 4an, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, 18:30etatik aurrera.

Batxilergoko ikasleek estres linguistikoari buruzko hitzaldia emango dute 3