Aizpurua etorriko da irakurle taldeko otsaileko saiora

2021. urteko bigarren saioa egingo du otsailaren 22ean Galtzaundiren irakurle taldeak. Oraingo honetan, Goizane Aizpurua idazle debarraren Izarak eleberria landuko da hitzorduan eta Aizpurua bera ere gerturatuko da hitzordura, irakurleekin batera iritziak partekatzeko. Hitzordua 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta ohiko moduan Yurre Ugartek dinamizatuko du.

Bizitza arrunta duen bikote arrunt bat osatzen dute Anek eta Xabik. Adiskide min dute biek Elene. Portugalera doaz oporretan, hiruak elkarrekin. Bidai horren ondorengo urtebetearen buruan ezerk ere ez du lehenean iraungo…
Ane mintzo denean, zalantzan jartzen ditu bizitzan hartutako erabakiak. Banan-banan. Inoiz bere ariman tokirik izan ez duten zalantzak dira. Aneren identitatea (bai besteen begiradak sortutakoa, bai bere jokabide propioz proiektatzen duena) kolokan jartzen dutenak.
Kontrapuntuan, Elene ispilu da Anerentzat. Anek beti bizi nahi izan duen bizitzaren isla. Bide-gurutze bakoitzean aukera egokia hartzen lagungarri nahi lukeena.
Bilaketa dute Anek eta Elenek helburu, elkarrena bainoago, norberaren sakoneko izatearen bilaketa. Eta bilaketa horrek ez du deus ere ukitu gabe utziko: gorputza, generoa, intimitatea, rolak, harremanak, maitasuna… Identitatearen eraikuntza, azken batean.