AHOZKO SORMEN TAILERRA MARTXAN, 17-18 IKASTURTEAN

Tolosaldeko Ahozko Sormen Tailerra Galtzaundi Euskara Taldearen eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen proiektua da. Honen bidez, bi eragile horiek euskarazko kultur sorkuntzan eragin nahi dute, Tolosaldean ahozko euskal Kulturaren tradizioaren transmisio osoagoa gauzatuz. Horretaz gain, kultur sorkuntzan lehen pausoak emateko aukera luzatu nahi zaie Tolosaldeko ikasleei.

12 eta 18 urte arteko (DBH eta Batxilergoa) gazteei zuzendutako tailerra da AST. 2017-2018 ikasturtean, astean ordubeteko saioa egingo du tailerrak Tolosan eta egun hori, matrikulatzen diren ikasleen arabera zehaztuko da. Ahozko Sormen Tailerraren ikasturtea urrian hasiko da, maiatzera arte. Sormen eskolako edukiak bost generotan banatuko dira, eta genero bakoitzeko adituek ikasturte osoko egitaraua prestatuko dute elkarrekin koordinatuta. Ahozko Sormen Tailerrean diziplina hauek landuko dira:

  • Antzerkia
  • Bertsolaritza
  • Kantagintza
  • Dantza
  • Ipuin kontalaritza

Bost espezialitateak landuko dituzte ikasle guztiek ikasturtean zehar. Tailerraren asmoa, ikasle guztiek diziplina desberdinak probatzea da eta etorkizunean, horietakoren batean espezializatzeko aukera uztea. Jakina da, bost kultur espezialitate horiek bereziki lantzen dituzten taldeak badirela eskualdean. Horregatik, Ahozko Sormen Tailerraren bitartez, bost adarretara gerturatuz, horietako bakoitza lantzeko aukera eman nahi zaie ikasleei, ondoren, nahi izanez gero, horietakoren batera jauzia egiteko. Izan ere, honelako tailer batek euskarazko kultur sorkuntzan eta zaletasunean berebiziko garrantzia izan dezake, etorkizuneko kultur agente aktiboak izango direlako oraingo ikasleak (zaleak, antolatzaileak, antzezleak, ipuin kontalariak, bertsolariak, kantautoreak…).

Tailerrean landuko diren edukien bidez, haur eta nerabeen hizkuntza gaitasuna areagotzea da beste helburuetako bat. Horrela, ahozko espresiorako trebezia eta baliabideak landuko dira eta hizkuntzaren alde ludikoa ezagutzeko aukera izango dute ASTko ikasleek. Norberaren gaitasun pertsonalak ere jorratuko dira bertan, besteak beste, komunikazio gaitasuna, jendaurrean hitz egitekoa, memoriaren lanketa, besteen rolak asumitu eta elkar ulertzeko joera, jarrera probatzaile eta sortzailea izatea eta abar.