Urriaren 3tik aurrera fruta eta barazki saskiak zozketatuko dira saltokietan

Ibarrako, Tolosako eta Villabonako fruta dendek `Nire frutak zuretzat´ kanpainan parte hartuko dute. Kanpainaren helburu nagusia, denden hizkuntza paisaian euskara presente egotea da, eta horretarako eta bidea egiten laguntzeko, baliabideak eta bitartekoak eskaini zaizkie parte hartzaileei. Merkatari bakoitzarekin banakako lana egin eta bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausuak aztertuz eta proposatuz.

Urriaren 3tik 28ra kanpainan parte hartuko duten 27 saltokietan barazki eta fruta sortak zozketatuko dira. Kanpainarekin, herriko saltokiek eta kasu honetan fruta dendek gure herriaren garapenean duten eragina nabarmendu nahi da, euskararen erabileran ematen ari diren pausuak txalotzeko. Horregatik, fruta dendetako saltzaileak dira kanpainaren protagonista.