Tolosako Udalarekin hitzarmena berritu du Galtzaundik

Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziak eta Kike Amonarriz, Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakariak, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea xede duen elkarlanerako akordioa izenpetu berri dute. Hori horrela, Tolosako Udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik burutuko dituen ekimenak. Urtebeteko epealdia izango du hitzarmenak eta 2020. urteari dagokio.

Akordioan jaso dira hainbat egiteko, hala nola, Tolosako Euskara Batzordean aktiboki parte hartzea, Euskarak 365 egun markoa garatzea, alfabetatzea eta euskalduntzea bultzatzea, euskararen erabileraren inguruko behaketa eta azterketa lanak egitea etab.

Aurtengo datuek adierazten dute ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun dela Tolosako kaleetan gaztelera baino. Beraz, ezinbestekoa da hizkuntza normalizaziora bidean aurrera pausuak ematen jarraitzea, eta Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea.