Tio Teronen Semeak izango ditugu Sormenetiken

2019ko bigarren saioa egingo du urriaren 5ean Sormenetikek Oria ibaiaren bazterrean. Oraingoan, Tio Teronen Semeak dantza taldeko kideak izango dira protagonista eta beren ibilbideari buruz hitz egiteaz gain, euskal dantzaren transmisioari eta berrikuntzari buruzko beren ikuspuntua azalduko dute Oihana Iguaranen galderei erantzunez. Saioa 11:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Solasaldiaren amaieran, beren ikuskizunaren zatitxo bat ere eskainiko dute Tio Teronen Semeak taldekoek.

Dantza, umorea eta lagunartea dira Tio Teronen Semeak elkartzen dituena. Duela lau urte hiruzpalau dantza taldetako kideak elkartu eta FreshCool emanaldia prestatu zuten. Publikoaren harrera ikusita, ikuskizun modura planteatzea pentsatu zuten. Batez ere Euskal Herrian ibili dira lau urte hauetan, baina etxetik kanpo ere aritu dira, Katalunia edota Espainian esaterako. Abuztuan, berriz, Eskozian izan dira “ScotlandGoesBasque” egitasmoaren bidez.

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaile baten ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.