Sormenetik GurEra egitasmoaren bigarren edizioa, Eñaut Elorrietarekin

Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta sortu da Sormenetik GurEra izeneko egitasmoa eta ekainaren 17an bigarren edizioa izango du Ibarran.  Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen ziren Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz. Orain, egitasmoaren aldaera landu du Galtzaundik, eta eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatuko dira. Aurtengo lehen hitzordua Ibarran izango da, ekainaren 17an, eta Eñaut Elorrieta abeslaria izango da elkarrizketatua, 17:30etatik aurrera, Emeterio Arrese plazan.

Sormenetik GurEra-ren Ibarrako saioa Gaztezulorekin elkarlanean antolatu da. Gainera, Gaztezkuloko gazteak izango dira Elorrieta elkarrizketatuko dutenak. Elkarrizketa arin eta fresko horretan, galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta challenge dibertigarri bat ere egingo dute. Bide honi esker, Gaztezuloko gazteek hartu dituzte ekitaldia osatzeko ardurak: elkarrizketa antolatu, beharrezko materialak zerrendatu, saioari forma eman eta euskarri komunikatiboak sortzea, besteak beste. Ibarrako Udalaren laguntzari esker ere antolatu da ekitaldia.

Zer da Sormenetik GurEra?

Tolosaldeko nerabeentzat erakargarri suertatuko den eta protagonista bihurtuko dituen euskarazko kultur jarduera sorta eskaintzeko sortutako egitasmoa da. Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera. Bide batez, nerabeengan sormena sustatzeko (antolaketa, ekitaldien kudeaketa…) eta euskarazko kultur eskaintza balioan jarri eta nerabeengana gerturatzeko ere sortu da egitasmoa. Izenak adierazten duen bezala, martxan zen Sormenetik egitasmoa nerabeengana (GurEra) gerturatzeko helburuarekin sortu du proiektua Galtzaundi Euskara Taldeak. Egitasmoa gauzatzeko, eskualdeko herri bakoitzeko eragileekin jarriko da harremanetan Galtzaundi, eta herrietako taldeekin batera proposatuko da ekintza herrietan bideratzea. Horretarako, talde horietako partaide diren nerabeen inplikazioa behar beharrezkoa izango da, beraiek izango baitira hitzorduaren antolaketaz arduratuko direnak.

Sormenetik GurEra egitasmoaren bigarren edizioa, Eñaut Elorrietarekin 7