Saltokietan euskara indartzeko lanketak jarraipena izan du Villabonan

2018an egin zen Euskaraldiaren lehenengo edizioaren atarian hasi zen Galtzaundi Euskara Taldea Amasa-Villabonako saltokietan euskararen gaia lantzen. Udalaren babesean, 111 saltoki bisitatu ziren orduan, hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitearekin batera, Euskaraldia aurkeztu eta saltokiak ekimenean parte hartzera animatuz.

2019an jarraipena izan du hirugarren sektorean euskara indartzeko egitasmoak Villabonan. Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak; Tolosako esperientzian ikusi den bezala, urteroko eta banan banako bisitek emaitza positiboak ekartzen dituzte.

Lehenik, egoeraren diagnostikoa egin da 119 saltokik osatutako lan-unibertsoan. Villabonako saltokietako arduradunen %70 da euskalduna. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa da. Villabonako saltokietako 263 langiletik %76 da euskalduna eta beste %11 euskara ulertzeko gai da. Beraz, egoera Tolosakoaren parekoa da: saltokietako langileen %87ek ulertzen dute euskara, eta saltokien %87etan bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait.

Villabonako establezimenduen euskara-gaitasuna Villabonako eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatzen badugu, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, billabonatarren %80ek eta Tolosaldeko biztanleen %84ek ulertzen baitute euskara.

Bestetik, Villabonako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu da saltoki guztietan. Honekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura.

Euskara zerbitzuko eskaintzaren (karteldegia, euskalduntzea, itzulpenak, arlokako hiztegiakā€¦) berri eman ondoren, %30ek eskaeraren bat egin dute beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko. Egindako lanaren balorazioa egiteko, saltokietako langileei eta arduradunei zuzenean galdetu zaie eskainitako aukeren eta zerbitzuen inguruan. %95ari erabilgarria edo lagungarria izan zaie zerbitzua eta eskertu egin dute aurrez aurreko presentzia eta laguntza.

Merkatarien motibazioari dagokienez, oro har, merkatariak oso aktibo sentitu dira egitasmoarekin. Landa-lana burutzerako orduan, merkatariek egindako harrera eta eskainitako erraztasunak eskertzekoak eta nabarmentzekoak izan dira. Saltoki batzuk aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira.