Mende bat Tolosako Euskal Ikastola sortu zela

Duela 100 urte, 1922ko urtarrilaren 9an, Tolosako Euskal Ikastola zabaldu zuten Gorriti Plazan. Garaiko mugimendu euskaltzalearen giroan sortu zen eta lehenengotakoa izan zen Euskal Herrian umeei euskaraz irakasten. Hasi eta gutxira etenaldi labur bat izan bazuen ere, Ikastola horrek 1922 eta 1936 artean iraun zuen, Maria Dolores Arbilla irakaslea gidari zuela.

Tolosakoa 1920ko hamarkadan Euskal Herrian osatzen ari zen giroaren emaitza izan zen. 1917an Migel Muñoa abertzale aberatsak, Bidania eta Donostia artean bizi zenak, Euskal Ikastetxea irekia zeukan Donostian. Bertan, irakasle euskaldunak izateaz gain, eskola gaiak euskaraz lantzen zituzten. Horrekin batera, 1918an sortu zen Eusko Ikaskuntzak ere euskara irakaskuntzan sartzeko egitasmo sendoa zeukan. Politikoki ere aldeko haizeak areagotzen ari ziren, jeltzaleen artean mugimendu indartsua sortu baitzen euskara kultur hizkuntza bilakatzeko eta hezkuntzan sartzeko, lehen urteetatik unibertsitatera arte.

Giro horren guztiaren erdian zebiltzan hainbat Tolosar. Isaac Lopez-Mendizabalek, adibidez, ordurako argitaratuak zeuzkan Umearen Laguna irakurtzen ikasteko liburua eta Zenbakiztiya aritmetika liburua. Ixakarekin batera, Tolosa kulturgile euskaltzale eta abertzale ugariren elkargunea zen, asko lehen lerroan zebiltzan enpresari edo politikariak. Hortaz, ez da harritzekoa lehenengotariko Euskal Ikastola Tolosan ireki izana.

Maria Dolores Arbilla Maistra Tituluduna zen ordurako eta, proiektuaren berri izan zuenean, Bilboko bere lana utzita batu zen Ikastolara. Lehenengo egunean lau ikasle eskasekin hasi bazen ere, hurrengo urteetan kopurua asko hazi zen. Hainbeste, ezen 1931n bigarren ikastetxe bat ireki baitzuten Laskoain kalean, guztira 80 ikasle inguru izatera iritsita.

Ikastolaren egitasmoak zailtasunak ere bizi izan zituen, ordea. 1923an, Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, ikastola itxi zuten bertan politika egiten zela eta. Etenaldi labur baten ostean, ordea, berriro irekitzea lortu zuten eta 1936ra arte egon zen zabalik, harik eta Espainiako Gerra Zibilak ibilbidea eten zuen arte. Euskara eskoletarako eta kulturarako hizkuntza bilakatzeko lanak, ordea, segida izan zuen hurrengo hamarkadetan ere.

Bakartxo Goikoetxea Urdanpilleta eta Izarne Drabasa Arruek idatzitako artikuluan garai hartako ikastolari buruzko informazio gehiago.