Ekainaren 15ean egingo du ikasturteko azken saioa Galtzaundiren irakurle taldeak. Udako oporren aurreko saioa, ordea, ez ohiko formatuan egingo da. Izan ere, irakurle taldearen ohiko dinamizatzaile den Yurre Ugarte idazle tolosarraren Lilurabera azken lana jorratuko dute irakurleek. Horretarako, Alberdania argitaletxeko editore Jorge Gimenez Bech etorriko da hitzordura. Ugarteren eta Gimenezen arteko elkarrizketa izango da ekaineko irakurle taldearen ardatza, eta literaturazaleek ere momentuan galderak eta iritziak partekatzeko aukera izango dute. Hitzordua Tolosako Kultur Etxean izango da, ekainaren 15ean, 19:00etan.
Zortzi narrazio hauetan mugitzen diren pertsonaiak bezain protagonista dira haietan ageri diren egoera eta bizimoduak. Eguneroko bizitzan ez hondoratzeko lilura helduleku bakarra duten pertsonaiak, edota behinola lilurak baldintzatuta-ko bizimoduak daramatzatenak. Irakurleak etengabean sentituko dituen taupadak bihotz narratibo indartsu batetik datoz: zentzumen eta jakin-minaren gose-egarria bizimodu bilakatzen da liburu honetako zazpi ipuinetan eta kolofoi lana egiten duen «bizi kondaira literario-musikal»ean.
Pertsonaia guztiak dira pop kulturaren alabak; haientzat, argazkiak, abestiak, musika, artegintza edo estetika ez dira atsegin handiagoz edo txikiagoz dastatzen den zerbait. Bizitzeko era bat dira. Munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu bat. Arteak eta bilaketa estetiko suharrak zorroztutako zentzumenek bizi dituzte ipuinotako pertsonaiak, eta gainera horri esker egiten dute baldintza makurrenetan ere aurrera.
Alabari aita nor duen konfesatu behar dion kazetaria, nerabezaroko adiskidearen eraginaz ohartzen den argazkilaria, kultur kudeatzaile bihurtutako iraganeko artista, etxerik gabe geratu den diseinatzaile ohia, pop-ari buruzko tesia aurkeztera doan doktoregaia eta gainerakoak biltzen dituen Yurre Ugarteren ahotsak irakurlea guztiz inplikatuko du, luzarorako.
- Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.
- Yurre Ugarteri elkarrizketak Berrian eta Uberan.eus webgunean.
Saiora joan ahal izateko izen-ematea
Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak.
1 thoughts on “‘Lilurabera’ liburuaren aurkezpena, irakurle taldearen ikasturtea amaitzeko”
Comments are closed.