Leire Ibarguren eta Miren Egiguren etorriko dira Tertulia Literarioaren ikasturte amaierako saiora

Tertulia Literarioak ikasturte amaierako saioa izango du ekainaren 20ean Tolosan. Oraingo honetan, Leire Ibarguren idazle azpeitiarraren ‘Petare’ eleberria izango da irakurgaia eta Ibarguren bera eta Mire Egiguren eleberriaren protagonista ere izango dira saioan.

Tertulia literarioa, 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Zapata kaxa zahar bat, eta, barrenean, zuri-beltzezko argazkiak, egunkari zati horituak, DVDak, koloretako argazkiak. Bizitza oso bat kabitzen da Miren Egiguren bidaniarraren zapata kaxa horretan, eta puska horietatik abiatuta kontatu dio bere bizitza Leire Ibargureni. Horiexek baitira bere ondasun guztiak, horiexek Venezuelako hiriburutik ekarri zituen bakarrak. Berrogei urte baino gehiago Caracaseko auzorik pobreenean eman eta gero, zalantzarik gabe gehiago dira Mirenek han utzi zituenak: komunitate oso bat, eta komunitate horrekin alboz albo eta erabakimen handiz eraikitako guztia: haurtzaindegi eta ikastetxeak, ur sistema, familientzako tailerrak, elikagaien kooperatiba, okindegia? Lan horren guztiaren oinarrian, elkarlanean antolatzearen garrantzia gailentzen da arlo guztietan, kooperazioari saretzearen ardatzetik begiratuta. Emakume kementsu eta umoretsu baten ahotsa dakarkigu liburu honek, lagun dituela Caracaseko mendixketan pilatu auzoetako bizimoldearen doinuak. Mirentxuren bizi-pusken bitartez, komunitate oso baten oihala puntada xehez emana, epika berriak janzteko aproposa.