‘Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik’ ikastaroa egingo da Tolosan

Euskararen normalizaziorako bidean, eta euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaltzeko asmoz, udako ikastaro bat antolatu dute, Tolosan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskalgintzaren Kontseiluak, udalaren eta aldundiaren babesarekin eta Galtzaundi Euskara Taldearen laguntzarekin.

‘Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik’ izenburupean, lan munduan euskararen erabilera indartzeko estrategiak aztertzea izango du helburu ikastaroak.

Ekainaren 13an izango da, Kultur Etxeko areto nagusian, eta egun osoko jardunaldia izango da: 09:00etatik 16:30era. Euskara teknikariei, sindikatuei, aholkularitza edota enpresa arduradunei eta euskararen aldeko gizarte eragileei dago zuzenduta, bereziki, baita hizkuntza politikan eta gizarte eraldatzeko prozesuetan interesa duen edonori ere.

Izen ematea dagoeneko zabalik dago, ekainaren 10a bitarte, eta UEUren webgunearen bidez egin ahal izango da. Egitarauaren inguruko xehetasunak hemen daude eskuragarri.