Joseba Larratxe ‘Josevisky’ komikilariak tailerra eskaini du Uzturpe ikastolan

Joseba Larratxe Josevisky komikilariak Uzturpe ikastolako ikasleak bisitatu ditu, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Ibarrako Udalak antolatutako Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketaren harira. Ikasleek artista ezautzeko aukera izateaz gain, komikigintzari buruzko ezagutza jasotzeko aukera izan dute.

Gau Beltza da aurtengo lehiaketaren edizioaren gaia, eta Maite Caballero ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia. 

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean daude, eta ezinbestekoa izango da horiek betetzea lanak baloratu ahal izateko. Lanak, besteak beste, euskara hutsean aurkeztu beharko dira, eta erabilitako euskararen bizitasuna kontuan hartuko da. Azaroaren 20ra arte bidal daitezke lanak.

Ibarra-Galtzakomik lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 11tik urtarrilaren 5era Ibarrako Kultur Etxean, eta sari banaketa abenduaren 11n izango da, 19:00etan, Kultur Etxean.