‘Jenisjoplin’ landuko du irakurle taldeak apirilean

Hilabetero bezala, Galtzaundi irakurle taldeak beste irakurgai bat landu eta horri buruz hitz egiteko tartea hartuko du. Oraingo honetan Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria izango da aukeratutako irakurgaia. Saioa apirilaren 26an, osteguna, izango da Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Honenbestez, liburua irakurri dutenek iritziak partekatzeko aukera izango dute eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea.

Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore Vargas, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua: autoritatearen kontra, benetakotasunaren bila, desafioek inarrosirik, barne bulkadaz, presaka maitatzen, bortizkeriari artez begira, arriskuari deika, edozertarako prest.

Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko.

Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.

Liburuari buruzko zenbait erreferentzia jarraian:

Amaia Alvarezen kritika Argian.
Mikel Asurmendirin iritzia Argian.
Javier Rojoren kritika El Diario Vascon.
Usoa Alberdiren iritzia Aizu!-n.
Ibon Egañaren kritika Deian.
Iratxe Esparzaren iritzia Garan.
Peru Iparragirreren kritika Berrian.