Irakurketa jarraitua, Kultur aniztasunaren nazioarteko egunean

Euskara izan da historian zehar tolosarren hizkuntza nagusia, baina euskarak beste hizkuntzekin bizitzen ikasi behar izan du gurean. Gaur egunean, Tolosan, inoiz baino hizkuntza gehiago hitz egiten dira. 50 nazionalitate baino gehiago dituzte tolosarrek, eta ezin kontatu zenbat hizkuntza hitz egiten dituzten; 100 baino gehiago seguru, baina ez dakigu bikoitza izan ote daitezkeen.

Hizkuntza horietako zenbaitetan irakurketa jarraitua egitea erabaki du Galtzaundi Euskara Taldeak, Kultur aniztasunaren nazioarteko egunean, maiatzaren 21ean, 18:30etan, Tolosako Trianguloa plazan. Ipuin labur berbera dozena hizkuntzatan baino gehiagotan irakurriko dute tolosarrek, bakoitzak bere ama-hizkuntzan. Ekitaldiaren ardatza hori izango da, eta jatorri ezberdinetako musika eta janaria dastatzeko aukera ere izango da.

Irakurriko den ipuineko elementu batean oinarrituta murala egongo da egun guztian zehar Trianguloa plazan, eta mural horretako elementua ahalik eta hizkuntza gehienetan nola idazten den ikusarazi nahi da. Horretarako ezinbestekoa izango da herritarrek parte hartzea, eta nork bere hizkuntzan idaztea mural horretan. Horretara eta arratsaldeko ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak Galtzaundik.

Gure hizkuntza balioan jartzen dugun modu berean, besteen hizkuntzei ere balioa eman nahi diegu. Horregatik, tolosarren ama-hizkuntzak zein diren jakin nahi dugu ekintza hauen bitartez, Tolosako etxeetan zein hizkuntza hitz egiten diren ikusaraziz.