Ikasle atzerritarrekin frankismo garaiko euskararen zapalkuntza landu du Galtzaundik

Laskorain Ikastolara bisitan etorri diren Europako zenbait herrialdetako ikasleek Tolosaldean Gerra Zibilean eta Frankismoan euskarak bizi izan zuen zapalkuntza eta horren aurkako erresistentzia ezagutu dute Haritz Azurmendi ikertzailearen eskutik. Giza Eskubideen urraketak ezagutzeko Europako programa baten baitan heldu dira ikasleak Alemania, Polonia, Norvegia, Flandria eta Errumaniatik, eta bertako Batxilergoko ikasleekin batera entzun zuten hitzaldia martxoaren 14an.

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean egitasmoan aztertutako gertakari batzuk aurkeztu zituen Azurmendik: gerraurreko euskararen egoera eta Pizkundea, 36ko Gerran eta Frankismoan ezagututako bazterketa, zenbait euskaltzalek jasandako errepresioa eta 60ko hamarkadatik aurrera izandako loraldia. Garaiko bideo eta argazkiekin, azalpenekin eta galdera-tarteko solasaldiarekin, bisitariek euskararen historia hurbila eta Tolosaldea hobeto ezagutzeko aukera izan zuten. 

Gainera, Galtzaundik ibilaldi labur bat ere prestatu zuen Tolosako erdigunean barrena, mugikorreko maparekin euren kabuz jarraitu ahal izan zutena arratsaldean. Bertan, argazki zaharrak, euren gaur egungo kokalekuak eta azalpen laburrak tartekatuz hitzaldian entzundakoak errepasatu zitezkeen. Orain, mapa hori eskuragarri dago edonorentzat.