Idoia Santamaria etorriko da Tertulia Literarioara apirilean

Tertulia Literarioak bere laugarren saioa izango du apirilaren 25ean Tolosan. Oraingo honetan, Idoia Santamariak itzulitako ‘Aldibereko’ eleberria izango da irakurgaia eta Santamaria bera ere izango da saioan.

Tertulia literarioa, 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen.

Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean. Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra dira: ipuin horietako bi emakume protagonistak profesional arrakastatsuak dira –aldibereko interpretea bata, kazetari eta argazkilaria bestea–, eta kontraste nabarmena egiten dute beste hiru istorioetako emakumeekin, zeinak nartzisismo hutsalean, beldurrean eta errealitatea ukatzeko ahaleginean katramilatuta baitaude.

Idoia Santamaría Urkaregi