Ibarrako saltoki ia guztietan bermatua dago euskarazko arreta

2018ko Euskaraldiaren lehenengo edizioa baino lehen hasi zen Galtzaundi Euskara Taldea Ibarrako saltokietan euskararen gaia lantzen. Ibarrako Udalaren babesean, 68 saltoki bisitatu ziren orduan, hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitearekin batera, Euskaraldia aurkeztu eta saltokiak ekimenean parte hartzera animatuz.

2019an jarraipena izan du hirugarren sektorean euskara indartzeko egitasmoak Ibarran. Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak; Tolosako zein VIllabonako esperientzietan ikusi den bezala, urteroko eta banan banako bisitek emaitza positiboak ekartzen dituzte.

Lehenik, egoeraren diagnostikoa egin da 69 saltokik osatutako lan-unibertsoan. Ibarrako saltokietako arduradunen %80 da euskalduna. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa da. Ibarrako saltokietako 154 langiletik %80 da euskalduna eta beste %13 euskara ulertzeko gai da. Egoerak hobera egin du 2018arekin alderatuz, langile euskaldunen portzentajea 7 puntu igo baita urtebetean, langile erdaldunen beherakadaren ondorioz. Beraz, egoera Tolosakoa eta Villabonakoa baino hobeagoa da: Ibarrako saltokietako langileen %93ek ulertzen dute euskara, eta saltokien %94etan bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait.

Ibarrako establezimenduen euskara-gaitasuna herriko eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatzen badugu, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, ibartarren %81ek eta Tolosaldeko biztanleen %84ek ulertzen baitute euskara.

Bestetik, Ibarrako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu da saltoki guztietan. Honekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura. Euskara zerbitzuko eskaintzaren (karteldegia, euskalduntzea, itzulpenak, arlokako hiztegiakā€¦) berri eman ondoren, %47ek eskaeraren bat egin dute beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko 2018an, eta %22ek 2019an.

Egindako lanaren balorazioa egiteko, eta hurrengo urratsen egokitasuna aztertzeko saltokietako langileei eta arduradunei zuzenean galdetu zaie euren iritziaren inguruan. Ibarrako merkatarien gehiengoa ados dago Udalak euskararen aldeko neurriak hartzearekin (%88,2), eta uste du euskarak balio erantsia duela (%70,6) eta erosteko garaian baloratzen dela (%73,5). Euskal bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeak, gertutasuna eta konfiantza dakarrela uste dute merkatariek. Euskararen erabilera areagotzeko prestutasuna eta, orokorrean, jarrera eraikitzailea azaldu dute merkatariek (%77,9).

Merkatarien motibazioari dagokienez, oro har, merkatariak oso aktibo sentitu dira egitasmoarekin. Landa-lana burutzerako orduan, merkatariek egindako harrera eta eskainitako erraztasunak eskertzekoak eta nabarmentzekoak izan dira. Saltoki batzuk aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira.