`Hitzez ekiteko garaia´ dugu aurtengo Ahobiziak eta Belarriprestak

Aurtengoa Euskaraldiaren hirugarren edizioa da, eta aurtengo leloa `Hitzez ekiteko garaia´ dugu. Hitzez hitzarekin hasten da leloa, gurea ez delako euskararen alde egotea ezta euskararen aldeko ekimena antolatzea ere; gure helburua Euskaraldia hitz eginez egiten da. Ekiteko hitzak ordea, ekintzara pasatzeko uneari egiten dio erreferentzia eta garaia hitzak, garaia orain delari.

Ahobiziak eta Belarriprestak

Hirugarren edizio honetan, bigarren edizioan bezalaxe, ariketak Ahobiziak eta Belarriprestak izango ditu batetik, eta Ariguneak bestetik.

Ahobiziak euskararen ertzak zein diren arakatzen ditu. Zerbaiten ertzak edo mugak aurkitzeak, abiatutako bide beretik itzultzea esan nahi du tarteka. Hau da, euskaraz hizketan hasi, bidea hor amaitzen dela ikusi, eta atzera bueltatzea, gauza bera gazteleraz errepikatu behar izanez. Baina horretarako prest dago Ahobizia.

Belarriprestaren rola ez da pasiboa, baina uste hori zabaldu da. “Egidazue niri euskaraz” esaten du, baina bere erronka pertsonalak ere badauzka, halere jakitun da ezin duela euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritu.

Ariguneak

Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Non gaude eroso? Euskaraz ulertzen digutela dakigun guneetan, eta euskaraz hitz egindakoan erantzun txarrik ez dugula jasoko dakigunetan. Beraz, horixe dira taldeetako ariguneak: bertako guztiek euskara ulertzen dute, eta euskaraz hitz egin nahi duenak lasai egin dezake bertan.

Bestalde, bezeroei begirako ariguneak ere badaude. Establezimenduak, administrazioa, harrerak… horien kanpoaldean arigune bat ikusten badugu, badakigu barruan euskaraz ulertuko gaituztela; agian ez guztiek, baina uneoro izango dira gune horretan zenbait Ahobizi eta Belarriprest bezeroak artatzeko.

Edozein Arigune da ongietorria, baina aurten 2. sektorean jarri nahi dugu arreta. Izan ere aurreko edizioetako datuek diote 20 eta 40 urte bitarteko gizonezkoak direla parte gutxien hartzen dutenak. Non aurki ditzakegu? Bada asko eta asko bigarren sektoreko enpresetan. Orain ari gara zenbait enpresetan Euskaraldia aurkezten eta parte hartzeko proposamena egiten. Ikusiko dugu azkenean zenbat animatzen diren, ikusiko dugu zenbat Arigune sortu ditzakegun. Lantegi batean langileak hara eta hona baldin badabiltz eta gehienek elkarrekin harremana baldin badute, berez aski da batek ez ulertzea gune hori arigune ez izateko. Beraz, ikusten ari gara zein aukera dauden ariguneak sortzeko.

Halere, arigunerik sortu ezin den guneetan norbanakoek eman dezakete izena, eta langile horiek enpresako zenbaitekin beren hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egin dezakete.

Beraz, Euskaraldiak ezartzen duen markoa aurreko edizioaren berbera da, baina gizartearen egoera bestelakoa denez gogoz, ilusioz eta kaleak hartzeko prest daude hirugarren edizio honetan.