Herritarren hizkuntza-eskubideak lantzeko hitzaldia, Anoetan

Euskararen aurkako oldarraldi judizial bete-betean, herritarren Hizkuntza-eskubideak zein diren azaltzeko eta urraketen aurrean nola jokatu lantzeko hitzaldia antolatu da Anoetan. Saioa azaroaren 29an izango da, 18:00etan, Anoetako udaletxeko pleno aretoan. ‘Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan’ izenburupean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak emango du hitzaldia. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei, oztopoak gainditzeko gakoak azalduko zaizkie hitzaldietan, eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko zer egin ere landuko da.

Hitzaldi honi esker, euskaldunen eta euskaltzaleen kontzientziazioan eragitea da Galtzaundiren helburua. Oinarrizko eskubideak diren hizkuntza-eskubideen urraketak ondorio argiak eragiten dituzte, eta euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da: osasun zerbitzuetan, justiziaren eremuan, segurtasun arloan, aisialdian, kontsumo-harremanetan… Horretan eragiteko, lege aldetik euskarak eta euskaldunek duten babesa aztertuko da saioetan; hainbat egoeren aurrean herritarrek izan beharreko jarrera landuko da; eta norbanakoetatik hasita aldaketarako dauden tresnen eta aukeren berri emango da.

Eguna: azaroak 29, asteazkena.

Ordua: 18:00.

Lekua: Anoetako udaletxeko pleno aretoa.

Herritarren hizkuntza-eskubideak lantzeko hitzaldia, Anoetan 7