Herritarrak euskarara gerturatzeko ‘Auzoko’ saioak martxan, Ibarran

  • Euskara komunikaziorako eta kohesiorako tresna izateko bidean, Ibarran hizkuntzarekin harremanik ez dutenek euskarara lehen pausoak ematea da egitasmoaren helburua.
  • Astero bi orduko saio irekiak antolatzen dira Kultur Etxean, dinamika eta jolasen bitartez partaideen arteko harremanak sustatu eta bizikidetzarako espazioak sortzeko. Urriaren 19an izango da lehenengoa.

Ikasturte berriarekin batera, heldu da zubigileek euskaratik mundura ekiteko sasoia. Abian da Auzoko, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean sustatutako egitasmoa, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Euskara herriko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza izateko bidean, bertara iritsi berriei edota euskaratik urrun bizi diren herritarrei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die proiektuak.

Helburu horrekin, astero bi ordu inguruko saio irekiak egiten dira, eta bertan, dinamika erraz eta jolasen bitartez, jatorri ezberdinetako partaideek elkar ezagutu eta oinarrizko hitz eta esamoldeak lantzen dira euskaraz. Bestela esanda, herritarrak, aniztasuna eta euskara erdigunean jarrita, bizikidetzarako une eta espazioak sortzea da gakoa. Lehen saioa, Urriaren 19an izango da, 17:00etatik aurrera, Ibarrako Kultur Etxean.

 Zubigileen ardura partekatua

Euskal Herria anitza da. Hainbat kultura, jatorri eta hizkuntza dituzten herritarrak biltzen dituen gizartea da gurea. Hori horrela, aniztasunaren zubiak eraikitzea erantzukizun partekatua da Auzokon. Hain zuzen, bi dira egitasmoaren baitan bat egiten duten profilak; eta herrira etorri berriek edota orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenek (auzokideak) hizkuntzara lehen pausoak eman ditzaten, garrantzitsua da euskal hiztunen (auzotarrak) parte hartze aktiboa. Izan ere, biak ala biak dira funtsezkoak hartu-emana sustatzeko: euskarara gerturatzeko gogoa duten herritarrak eta ibilbide horretan bidelagun izango dituztenak.

Modu honetan, Kultur Etxean egiten diren saioak hainbat herritarren topaleku bihurtzen doaz astez aste. Gainera, ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara elkartzeaz gain, tartean ekintza osagarriak ere egiten ditu taldeak, inguruko harreman sare, eragile edota ohituretara gerturatzeko eta hauetaz gozatzeko helburuarekin.

Auzokon parte hartu nahi dutenek, zuzenean ostegunetako saioetara azaltzeko aukera dute. Hala ere, aurretik Auzokoko dinamizatzailearekin harremanetan jarri nahi duenak, galtzaundi@galtzaundi.eus-era idatzi edo 943 655 004 telefonora deitu dezake. Informazio gehiago behar izanez gero, Ibarrako Udalera ere jo daiteke. Halaber, nahiago izatekotan, herritarrek online formularioa ere eskuragarri dute.

 IZENA EMAN

Sarea josiz

Ikasturtez ikasturte, Auzokoren sarea sendotuz eta egonkortuz doa, eta aurten Euskal Herriko hamazazpi herritan egongo dira martxan xede-talde ezberdinei zuzendutako proiektuak. Zehazki, Auzoko egitasmoa Aretxabaleta, Arrasate, Donostia, Eskoriatza, Gasteiz, Ibarra, Oñati eta Soraluzera iritsiko da. Azken herri honek, Elgoibar, Urkabuskaiz eta Legutiorekin batera, familiak batzen dituen Auzoko Familiak aldaera ere eramango du aurrera, eta, azkenik, Nafarroan kokatuko da nagusiki haurrentzako Auzoko Lagunak ekimena. Hain zuzen ere, Bera, Lesaka, Etxarri-Aranatz, Leitza, Goizueta eta Donezteben sortu dira taldeak.

Zubigileen bilgune izateko asmo horretan, gainera, ezinbestekoa da Auzoko herrietako taldeek urtean zehar bertako eragileekin aliantzak sortzeko eta indartzeko elkarlana, euskararen biziberritze prozesuaren baitan elkarri eskain diezaioketena partekatzeko.