Garazi Arrula etorriko da Tertulia Literarioara apirilean

Tertulia Literarioaren hurrengo saioa izango da apirilaren 30ean Tolosan. Oraingo honetan, Garazi Arrula, idazle Tafallarra etorriko da bere ‘Lurraz beste’ eleberriaren inguruan hitz egitera.

Tertulia literarioa, 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Zimendu anitz pitzatuak dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear, afektu-dardaraldi betean. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino. Askotariko pitzaduretan arakatuz, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizilekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira, besteak beste. Aldaketa biziko gizarte-testuinguruetan, aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira deserrotzeak eta pitzatzeak, eta zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta, aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegon zein arinduez. Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.