Galtzaundi aldizkariaren historia biltzen duen erakusketa ikusgai, asteazkenetik aurrera

Duela 30 urte, 1991eko maiatzaren 26an, argitaratu zen Galtzaundi aldizkariaren 0 zenbakia. Sortu berria zen Galtzaundi Euskara Taldea eta euskaltzale elkarteak abiarazitako lehen proiektu garrantzitsuenetakoa izan zen eskualdeko notiziak bilduko zituen hilabetekaria martxan jartzea. Aldizkaria hasi zen Tolosaldeko berriak lantzen, inguruko herrietako gertakizunei eta protagonistei orrialdeak eskaintzen; euskaratik eta euskaraz. Ordutik hona euskarazko komunikabideen munduan aldaketa ugari izan dira; sortu dira berriak, eta eskualdeko albisteak fin-fin lantzen jarraitzen dute Tolosaldeko Atariak, Aiurrik eta 28 Kanalak: paperean, irratian eta telebistan.

Horren gertuko ditugun tokiko komunikabideen aitzindaria izan zen Galtzaundi aldizkaria. Eta duela 30 urteko efemeride hura gogorarazteko, aldizkariaren historia jasotzen duen erakusketa prestatu du Galtzaundik. Erakusketan jasotzen dira hedabidearen hastapenak, historia, bitxikeriak, lorpenak, eta beste zenbait xehetasun. Erakusketa ibiltaria izango bada ere, estreinakoz Tolosako Aranburu jauregian egongo da ikusteko aukera, urriaren 6tik 23ra.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldia

Erakusketa herritarrei gerturatzeko eta euskara elkartean eta aldizkariko lanetan aritu direnak ere elkartzeko asmoz, inaugurazio ekitaldia egingo da datorren asteazkenean Aranburun. Ekitaldia urriaren 6an izango da, 19:00etan, eta Galtzaundi Euskara Taldeko, Galtzaundi aldizkariaren sorrerako eta eskualdeko tokiko komunikabideetako ordezkariek hartuko dute parte.