Abenduaren 3an izango da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta aurten ere Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eskualdeko herritarrei zuzendutako proposamena egin du, Euskararen Egunaren izaera sozial eta aldarrikatzailea erdigunean jarriz.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Euskal Herri osorako diseinatutako kanpainari jarraiki, euskararen erabileraren inguruko kontzientzia pizteko kartel erraldoiak jarriko dira herrietan ‘Euskaraz e(ra)egin’ lelopean. Leloen esanahi bikoitzekin jolastuz, hiru mezu zabalduko dira: Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu / Noiztik ez duzu egiten? / Zuk uste baino jende gehiagok egin nahi du zurekin.
Kanpaina komunikatibo horrez gain, horma-irudi bat osatzeko proposamena helarazi die Galtzaundik eskualdeko herriei. Bertan, konpromiso pertsonalak eta kolektiboak idatziko dituzte herritarrek, euskaraz non eta norekin egingo duten eta zein eremu edo esparrutan eragin nahi duten azpimarratuz. Herritarrak herriko plazetan jarriko diren paneletara gerturatu eta horma-irudi kolektibo bat osatzea da helburua, idatziz galdera honi erantzunez: Non/norekin egin/eragin nahi duzu?.
Pizkunderako erronkarekin bat
Ukaezina da euskarak hainbat zailtasuni eta arriskuri egin behar diela aurre. Tolosaldean, esaterako, duela urte batzuketatik hona, euskararen arnasgune ziren herrietan atzerakada nabari da, eta gaztelaniak gero eta presentzia nabarmenagoa du herri gehienetako egunerokoan. Kontrara, horren euskaldunak ez ziren herri handienetan joera bestelakoa da eskualdean. Bestalde, Euskalgintzako eragileek Euskal Herriko euskararen erabilera 10 urtean %15etik %20ra igotzeko erronka jarri dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da euskara elkarte eta taldeak, euskaldunak eta euskaltzaleak batera aktibatzea.
Estrategia horren barruan kokatu du eskualdeko euskaltzaleen elkarteak euskararen eguneko proposamena. Izan ere, pizkundea lortzeko bidean, euskaldun eta euskaltzaleak aktibatzeko beharra dagoela aldarrikatu du Galtzaundik: “Aktibatu gaitezen herriz herri, eta antolatu gaitezen Euskal Herri osoan. Egin dezagun toki guztietan denok batera”.
