‘Euskaraz bizi ahal gara!’ hitzaldi zikloa aurkeztu da

Herritarrak kontzientziatzeko eta Tolosaldeko euskaltzaleak ahalduntzeko herriz herriko hitzaldi zikloa jarriko du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak. Pasa den urteko hitzaldi zikloari keinua eginez, ‘Euskaraz bizi ahal gara!’ izena izango dute saioek. Euskal Herriko errealitateari erreparatuz, euskaraz bizitzeko posibilitate erreala baitago Tolosaldean: hori diote ezagutza eta erabilera datuek, eta baita ere pasa den udazkenean egindako Euskaraldiko ondorioek.

Aurreko urteko saioen bitartez galtzaundikideak eskualdeko ia herri guztietan saretu ziren eta horri jarraipena emanez, Galtzaundik beharrezkoa ikusten du hizkuntzaren gaia herritarren artean zabaldu eta kontzientzietan eragitea. Asmoa da urritik abendura bitarte eskualdeko herri guztietatik igarotzea.

Hitzaldietan Tolosaldeko eta herrietako egoera soziolinguistikoaren errepasoa egingo da eta lehenengo Euskaraldiko ondorioak eta datuak plazaratuko dira. Gainera, Euskaraldiaren hurrengo edizioa nolakoa izango den azaltzeko ere baliatuko dira hitzaldiak, Tolosaldeko Euskararen Mahaia eta Galtzaundiren etorkizuneko asmoen berri emateaz gain.

'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi zikloa aurkeztu da 23

Izan ere, eskualdeko herrietan bi aldeko fenomenoa gertatu da azken urteetan. Horren euskaldunak ez ziren herriak asko euskaldundu diren bitartean, arnasguneetan edota herri euskaldunenetan euskaraz dakitenen kopuruak nabarmen egin du behera, lehen hizkuntzaren transmisioarekin eta etxeko erabilerarekin batera. Horrexegatik, kontzientziazioan eta ahalduntzean lan handia egin behar dela uste du Galtzaundi Euskara Taldeak.

Duela pare bat aste ezagutarazi zen lehenengo Euskaraldiak emandako emaitzen azterketa. Galtzaundi Euskara Taldean, ordea, beharrezko ikusi da Euskal Herriko datuez gain gure eskualdean Euskaraldiak izan zuen efektua neurtzea eta horretarako, Tolosaldeko emaitzen erradiografia berezitua eskatu zaio Soziolinguistika Klusterrari. Emandako emaitzak baliagarriak izango dira hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa zenbateraino eraginkorra izan den ikusi eta hurrengo edizioetarako hobekuntzak egiteko.

Bi iker lerro jorratu dira ikerketarako: kuantitatiboa (inkesta bidez egina) eta kualitatiboa (eztabaida taldeetan osatua). Kontuan izan behar da inkestak Euskaraldia aurretik, ondoren, eta bukatu eta hiru hilabetera egin direla. Azterketarako hiru inkestak betetzeko borondatea izan duten pertsonen erantzunak dira kontuan hartu direnak.

Aipatzeko zenbait datu eta ondorio:

  • Euskaraldiak iraun bitartean eragina izan du partehartzaileen erabileran: Euskal Herrian 20 puntuko gorakada Euskaraldia amaitu berritan; hiru hilabeteren ostean apaldu egin da baina hasieran baino 5 puntu gehiago. Tolosaldean hasieran baino bi puntu gehiago igo da erabilera hiru hilabete pasa ostean. Beraz, arrastoa utzi du.
  • Erabileran aldaketa handiena euskaldun hartzaileei -ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak- eragin die Euskaraldiak. Maila mugatua izan arren, Tolosaldean Belarriprest rola aukeratu zutenek %29tik %57ra igo zuten erabilera Euskaraldiak iraun zuen bitartean.
  • Eremuka aztertuta, igoerarik nabarmenena ezezagunekin egin zuten Euskaraldian parte hartu zutenek: %44ko erabilera izatetik %77rainoko saltoa egin zuten hamaika egunen ostean, eta hiru hilabete eta gero, %53an geratu da. Lantokian dago erabilerarik apalena gure eskualdean.
  • Ikusten da bi mekanismo sakon abiatu dituela Euskaraldiak euskararen erabilera bultzatzeko garaian. Lehena, gizarte hitzarmenaren mekanismoa. Hau da, txapa identifikagarriei esker jende askok bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bigarrena, hizkuntza simetriaren mekanismoa. Hots, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die.
  • Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori. Norbere hizkuntza jokaera «idealizatu» samarra zuen parte hartzaile asko konturatu da benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz. Beste hainbatek ikusi du Euskaraldia hasi aurretik hain zailak iruditzen ez zitzaizkion jardunak uste baino korapilatsuagoak direla. Horretaz gai, euskaraz ulertu eta hitz egiten duen uste baino jende gehiago dagoela ikusi dutenak ere badira. Beraz, Euskaraldiak balio izan du jende askok azterketa soziolinguistiko errealista egiteko.

'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi zikloa aurkeztu da 25

Momentuz lotutako hitzorduak:

Alegia Abenduak 4, 19:00, Kultur Etxea

Altzo Azaroak 21, 19:00, Batzarremuño Kulturgunea

Amasa-Villabona Urriak 16, 18:30, Mintzola, Subijana Etxea

Amezketa Urriak 21, 19:00 Kultur Etxea

Anoeta Urriak 19, 10:30, Udaletxea

Asteasu Urriak 23, 19:00, Udaletxea

Berastegi Azaroak 22, 18:30, Udaletxea

Berrobi Urriak 21, 18:00, Gaztelekua

Ibarra Azaroak 29, 19:00, Txontxo

Irura Urriak 9, 19:30, Kulturunea

Leaburu-Txarama Urriak 18, 18:00, Gela balioanitza

Lizartza Urriak 24, 19:00 Gunea

Tolosa Urriak 3, 18:30, Kultur Etxea

Zizurkil Urriak 10, 19:30, Iriarte – Urriak 17, 19:30, Plazida Otaño

'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi zikloa aurkeztu da 27'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi zikloa aurkeztu da 29

'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi zikloa aurkeztu da 31