`Euskararen Historia Soziala Tolosaldean´ ikerketaren inguruko hitzaldi musikatua egingo da Villabonan

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa proiektuaren bigarren zatian aurkeztuko du Galtzaundik Azaroaren 29an, Subijana Etxean, 18.30etan. Haritz Azurmendi ikerketaren arduradunak 1833tik 1936ra bitartean Tolosaldeko gizarteak euskararen ikuspegitik izan duen bilakaera azalduko du. Hitzaldi musikatua izango da, gainera, Joseba Tapiak ikerketan aztertu den garaiko bertsoak abestuko baititu, musikaz lagunduta.

Galtzaundi Euskara Taldea lehengo urtean hasi zen Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikertzeko lanetan. Lehenengo zatian 1936ko Gerratik trantsiziorako tartea aztertu zuen eta aurten heldu dio XIX. mendea eta Euskal Pizkundea aztertzeari. Hirugarren zati bat izango du egitasmoak 2023an, 1833a baino lehenagoko garaia aztertzeko. Joseba Tapiak, berriz, hainbat disko atera ditu Bigarren Karlistaldiaren inguruko bertsoak eta 1936ko Gerraren garaikoak musikatuz. Azken horretakoak dira Agur Intxorta maite (2001) eta Tximela kapitainaren izarrak (2013) osatzen dituzten kantuak; Karlistaldietako bertsopaperak musikatuz osatu zuen, berriz, Eta tira eta tunba… (2010).