Euskara ardatz, gazteen eta Kike Amonarrizen hausnarketak

Kike Amonarriz soziolinguistak eta Hirukide, Laskorain eta Orixeko gazteek euskararen inguruan hausnartu dute ekainaren 15ean Tolosako kultur etxeko areto nagusian egin den ekimenean.

DBH 4ko ikasleek egindako ikusentzunezko lanak ikusi dira lehenik:
– Hirukideko ikasleek kultur aniztasuna eta etorkinek euskararekiko duten jarrera aztertu dute, argazki eta bideo formatuetan.
– Laskoraingo ikasleek Argitxo eta hizkuntza transmisioa landu dute bideo formatuan.
– Orixekoek, azkenik, Mintzalaguna egitasmoan euskara praktikatzen ari diren hainbat lagunen testigantza jaso dute, Frankismo garaiko bizipenak eta egungoak uztartuz, bideo formatuan.

Jarraian, Kike Amonarrizek dinamizatuta eta, ikasleek egindako lanak eta, besteak beste, euskarak izandako bilakaera datuak oinarri hartuta, gazteen, Kike Amonarrizen eta bertaratutako herritarren hausnarketak entzun dira.

Ekimenaren berri emateko Tolosako Euskararen Mahaiko ordezkariek eskainitako prentsaurrekoan Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak azaldu duenez, “euskararen erabilera Tolosan indartzeko hiru esparru horietan asmatzea funtsezkoa izango da. Izan ere, geroz eta eleanitzagoa izango den Tolosan euskara indartzen jarraitzeko ezinbestekoa izango da tolosar guztien eta, batik bat, gazteen ezagutza bermatzea”.

Lahidalgak nabarmendu duenez, “Aitzol Udal Euskaltegia, ikastetxeak… lanketa ederra egiten ari dira alor horretan. Euskararen aldeko jarrerak bultzatzeko, berriz, ezinbestekoa izango da hezkuntzako eragileez gain, aisian, kultur ekintzetan, lan munduan nahiz Tolosako egunerokoan euskararen erabilera indartzen jarraitzea, egunez egun euskara Tolosan herritarrak batuko dituen hizkuntza izatea”.

Halaber, “motibazioak bultzatzen ditu helduak hizkuntzak ikastera, Sanchez Carrion Txepetxek erakutsi zigunez. Eta, hizkuntzarekin sentsazio, sentimendu… azken finean, eguneroko esparru guztiak erraztasunez jorratzeko gaitasuna eta ezagutza izateak, besteak beste, hizkuntza erabiltzera”, gaineratu du.