Euskaltzale independentisten topaketen aurkezpena, Tolosan

Euskal Herrian Euskaraz-ek nazio mailako “Euskaltzale Independentiston Topaketak” antolatu ditu datorren urriaren 7an eta 8an Billabonan. Datorren astelehenean, irailaren 25ean, ekimen honen aurkezpena egingo du, 18:30etan, Tolosako kultur etxeko lehen solairuko aretoan (Gazte Topagunea).

Aurkezpen honetan,  lehen aldiz antolatu diren topaketa hauen helburu nagusien eta bi egunetako egitarauaren berri emango dute Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek eta ondoren, bertaratzen diren euskaltzaleekin euskararen etorkizuna bermatzeko burujabetzak edota independentziak duen garrantziaren gaineko solasaldi edo elkarrizketa txiki bat egitea da asmoa. Amaitzeko, pintxo batzuk jateko aukera izango dute bertaratutako guztiek.

Aurkezpen honetan, nahi duenak Topaketetan egingo diren ekintzetan izena emateko aukera ere izango du.

Euskal Herrian Euskaraz-etik aurkezpen honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diete Tolosaldeko euskaltzaleei eta urriaren 7an eta 8an Billabonan izango diren Topaketetan izena emateko dei ere egiten dute.